Gizartea -
GERTAKARIA
Bilboko Aste Nagusiko bigarren gauean izandako bi ziztada kasu ikertzen ari da Ertzaintza
Biak Areatza inguruan gertatu direla azaldu du Segurtasun Sailak. Honekin, zazpi dira jada jaiak eztanda egin zuenetik emakumeei egindako ziztada kasuak. Oraingoz, baina, azken bi biktima horietako batek ere ez du salaketarik aurkeztu.
EITB MEDIA
Ertzaintza Bilboko jai-esparruan bart izandako beste bi ziztada-kasu ikertzen ari da, Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez. Oraingoz, baina, emakumeek ez dute salaketarik jarri. Horrela, zazpi lirateke jaiak hasi direnetik ziztadak jasan dituzten emakumeak.
Larunbatean egin zuen jaiak eztanda Bilbon, pandemiak eragindako geldialditik bi urtera. Hala ere, gaueko ziztadek kezka areagotu dute gazteen artean.
Bizkaiko hiriburuko Aste Nagusiko jaietako bigarren eguneko arratsalde-gauean, Areatza inguruan 21:00etan eta 23:00etan izandako bi ziztada kasu ikertzen ari da Ertzaintza, eta lehen egunean ikertutakoei gehitu zaizkie. Oraingoz, baina, azken bi biktimetako batek ere ez du salaketarik aurkeztu.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Radio Euskadin gaur goizean adierazi duenez, azken orduetan ez da ziztada-salaketarik izan, baina "baten bat ikertzen ari dira". Alkateak esan du hasiera ona izan dutela jaiek, nahiz eta onartu duen horrenbesteko jendetza biltzen duten jaietan beti izan ohi dela gertakariren bat.