Gizartea -
Bilbo
Zezenketen aurkakoek elkarretaratzea egingo dute gaur Bilbon
Aste Nagusiko zezenketen kontrakoa izango da protesta, "Bilbo odolik eta torturarik gabeko hiria" izan dadila aldarrikatzeko. AnimaNaturalisek eta CAS Internacionalek deitu dute, eta Arriaga Plazan izango da, 12:00etan.
EITB MEDIA
Zezenketen aurkako ekintzaileek elkarretaratzea egingo dute Bilbon igandean, abuztuak 21, Aste Nagusiko zezenketen aurka. "Bilbo odolik eta torturarik gabeko hiria" izan dadila aldarrikatuko dute mobilizazioan; AnimaNaturalisek eta CAS Internacionalek deitu dute, eta Arriaga Plazan izango da, 12:00etan.
"Tauromakia kultura dela diote batzuek, eta hori sinestarazi nahi digute, baina inork ez zuen sumatu zezenen sarraskia pandemian bertan behera utzi zituztenean", adierazi du Ima de Imaña AnimaNaturaliseko koordinatzaileak.
Protestako antolatzaileek esan dutenez, AVATMA albaitari-elkarteak aztertu ditu Kultura Ministerioak eta zezen-sektoreak emandako hainbat datu; ondorioa da 2018an, alegia, zezen-industriako azken urte "arruntean", plazan egindako zezenketek % 58,4 egin zutela behera 2007rekin alderatuta, eta % 2,1 2017rekin alderatuta: "Entzierroen eta gainerako herri-ospakizunen kopuruak ere behera egin zuen", gaineratu du. Imañaren esanetan, "datuek erakusten dute tauromakiak ez duela inor ordezkatzen".
Hala ere, deitoratu du "ikuskizun makabro hauek egiten jarraitzen dutela, diru publikoak eta erakundeetako pribilegioek babestuta. Aski dela esateko garaia da, gaitzetsi behar dugu ozen gutxi batzuek gozatzeko animaliek tratu txarrak pairatzen jarraitzea", nabarmendu du.