Gizartea -
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
Pablo Gonzalezen familiak bitartekoa izatea eskatu dio Sanchezi kazetariak "bidezko" epaiketa izan dezan
Kazetariaren emazteak adierazi du Poloniak ez duela froga berririk aurkeztu, baina dituenak "nahikoak" izan baziren orain direla hiru hilabete behin-behineko espetxeratzea luzatzeko, honetan ere onartuko dutela, eta bete egin beharko duela, "zentzugabekoa eta sinestezina izan arren".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Oihana Goiriena Pablo Gonzalezen emazteak Espainiako presidentea den Pedro Sanchezi eskatu dio bitartekoa izatea kazetariak "bidezko" epaiketa eta defentsa izan dezan, betiere bere eskubideak errespetatuz.
Ostiral honetan Poloniako Fiskaltzak Pablo Gonzalez euskal kazetariaren behin-behineko espetxeratzea luzatzea eskatu ziuen.
Radio Euskadirik eskainitako elkarrizketa batean, Goirienak adierazi du Poloniak ez duela froga berririk aurkeztu, baina dituenak "nahikoak" izan baziren orain direla hiru hilabete behin-behineko espetxeratzea luzatzeko, honetan ere onartuko dutela, eta bete egin beharko duela, "zentzugabekoa eta sinestezina izan arren".
Familiak Gonzalezekin zuzenean hitz egiteko aukerarik gabe jarraitzen du; telefono bidezko deiak eta bisitak debekatuta daude, beraz, gutunen bidez baino ezin dira harremanetan jarri. Hala ere, Goirienak esan du gutun horiek bi hilabete berandu heltzen direla, eta aste honetan bi jaso dituela, ekainaren 15ekoa eta 19koa.
Kazetariaren bikotekideak gaineratu du Gonzalez "ondo" dagoela, baina "triste".
Gonzalez kazetaria otsailaren 28an atxilotu zuen Poloniako Barneko Segurtasun Agentziak, Errusiako inteligentzia militarrerako lan egiten zuela egotzita.