Gizartea -

AITORTZA

Galdakaoko boluntarioek omenaldia jaso dute La Palmako erupzioaren ostean emandako laguntzagatik

Alvaro Saizek, Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteko presidenteak, hunkituta gogoratzen ditu duela ia urtebete uhartean igaro zituzten egunak. Oraindik ere esker on mezuak jasotzen jarraitzen dute.

Garbiketa lanak El Pason. Argazkia: Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartea
Garbiketa lanak El Pason. Argazkia: Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartea
Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak La Palmaren omenaldia jaso du, erupzioan egindako lanagatik

01:07

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteko boluntarioek El Pasoko Udalaren omenaldia jaso dute larunbat honetan, Cumbre Vieja sumendiaren erupzioak eragindako suntsiketaren ostean herritarrei eman zieten laguntza eskertzeko.

Bazterketa-eremuetan sartu eta etxebizitzetako, eraikinetako zein kaleetako errautsak garbitzeko lanetan aritu ziren boluntarioak 2021eko udazkenean. Erupzioa zela eta, animalia ugari erreskatatu zituzten hango egoitzetan eta haien zaintzan ere aritu ziren.

eitb.eus-i emandako elkarrizketan, Alvaro Saiz elkarteko presidenteak azaldu duenez, "Udalak omenaldia egin nahi digu, 186 egunez, atsedenik gabe, El Pasoko bizilagunen etxeak garbitzen egon ginelako. Elkarteko 416 pertsona joan ginen La Palmara garbiketa lanetan laguntzeko. Herritarrek etengabe eman izan dizkigute eskerrak. Atzo bertan, oraindik ere, esker mezu bat jaso genuen".

Irailaren 17an beteko da urtebete, azken 500 urteetako erupzio bolkaniko luzeena hasi zenetik. 8.000 pertsona baino gehiago ebakuatu behar izan zituzten euren etxebizitzetatik eta 2.500 inguruk betiko galdu zuten euren etxea, sumendiaren labak lurperatuta. Kea eta errautsak inguruko uharteetara iritsi ziren, eta aireportuak itxita egon ziren zenbait egunez.

Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartea

"Hegazkinetik jaitsi berritan segituan etorri zaizkit irudi haiek gogora: errautsa ilean, laino beltzak, jendea oso oso nekatuta, garbitu eta bi egunera berriro estalita zeuden kaleak... Oso une gogorrak bizi izan genituen. Herritarrek gure oroitzapen oso ona dute eta guk ere bihotzean daramagu irla hau; eta baita galtzerdietan ere" dio irribarrez Saizek, berriz ere La Palmara iritsi berritan.

10 urte egin ditu jada elkarteak eta denbora horretan hainbat sari jaso dute euren boluntario lanagatik: 700 laguni janaria banatzen diete hilero Galdakaon, hozkailu solidarioa eta rexcatering proiektuak jarri dituzte martxan, pertsona errefuxiatuei laguntza ematen diete Galdakaon bertan eta laguntza proiektu bat dute Mongolian. Une honetan Polonian ere ari dira lanean, Ukrainara itzuli nahi duten errefuxiatuei itzultzen laguntzeko. 600 boluntario ditu elkarteak.

"Askotan, ekintza bat egiten duzunean, denbora pasatzen da eta ahaztu egiten da, baina guk gure bidea egiten jarraitzen dugu. Urteko 365 egunetan aritzeko konpromisoa dugu; baina, oraingoan, ospatzea tokatu da", azaldu du Saizek.

Larunbat honetako omenaldia Ama Birjinaren jaitsierarekin bat eginez egin da El Pasoko jaien baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Herriak eta Hiriak Galdakao Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kanariak Sumendiak Hondamendi naturalen biktimak La Palma sumendia