Gizartea -
BILBOKO ASTE NAGUSIA
Ertzaintzak eta Udaltzaingoak arreta berezia jarriko diete eraso sexistei Bilboko Aste Nagusian
Ertzaintzak eta Udaltzaingoak Bilboko jaietarako segurtasun operatibo koordinatua aurkeztu dute. Eraso sexisten harira, handitu egingo da jai gunearen barruan eta kanpoan erasoak prebenitzeko eta horiei berehala erantzuteko lanak egiten dituzten agenteen kopurua.
EITB MEDIA
Ertzaintzak eta Udaltzaingoak Bilboko Aste Nagusirako segurtasun operatibo koordinatua aurkeztu dute ostiral honetan.
Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren agenteak hiri osoan zehar ibiliko dira egunaren 24 orduetan kaleko arropaz zein uniformez jantzita, eta arreta berezia jarriko diete jende gehien pilatzen den tokiei, hala nola Areatza, Zazpi Kaleak eta Abandoibarra eta Europa parkeko kontzertu-guneak.
Aurten, komisariatik kanpo ere salaketak jartzeko aukera egongo da; batez ere, lapurreten kasuan. Horrelakoetan, jarduneko udaltzainek, salaketa-akta aldean daramatela, delitua gertatu den lekuan artatuko dituzte biktimak.
Hurrengoak dira segurtasun operatiboak landuko dituen alderdiak:
Eraso sexistak prebenitzea. Handitu egingo da kaleko arroparekin jantzita doazen, eta jai gunearen barruan eta kanpoan erasoak prebenitzeko eta horiei berehala erantzuteko lanak egiten dituzten agenteen kopurua.
Bide segurtasuna. Indartu egingo dira alkoholemiaren eta droga kontsumoaren alorreko prebentzio kontrolak.
Elikagaien segurtasuna. Udaltzaingoak elikagaien legez kanpoko kaleko salmenta ere kontrolatuko du. Ezin da posturik jarri dagokion udal baimenik gabe; eta ez dira baimenduta egongo ezta ebakuazio bideak oztopatzen dituztenak edo herritarren segurtasuna eragozten dutenak ere.
Galdutako eta aurkitutako objektuen salbuespenezko zerbitzua. Zerbitzu hori zabalik egongo da eguneko 24 orduetan, Aste Nagusi osoan zehar.
Babes zibila. Osasun dispositiboak jai eremu guztiak estaliko ditu, eta polizia kidegoekin eta suhiltzaileekin koordinatuta egongo da.
Erreskateak uretan. Larrialdi zerbitzurako bide bat egongo da itsasadarrean, eskumako ibaiertzean, 20 metro zabal izango da, eta ontziek ezingo dute hura erabili.