Gizartea -
Desagertutako pertsonak
Uztailaren 22tik desagertuta zegoen Trapagarango bizilagun baten gorpua topatu dute Palentzian
Ikerketaren arabera, 75 urteko gizonezkoaren autoa bidetik atera zen bigarren mailako errepide batean, eta ibilgailua landaretzaren azpian ezkutatuta egon da ia hilabete.
Agentziak | EITB Media
L.G.E Trapagarango (Bizkaia) 75 urteko bizilaguna hilotz topatu zuten atzo bere auto baten barruan, Villasila de Valdavia (Palentzia) udalerriaren parean.
Gaztela eta Leongo Trafikoaren Eskualdeko Zentroko iturriek EFE agentziari azaldu diotenez, 13:30ean aurkitu zuten gizonezkoaren gorpua landaretzaren artean. Izan ere, ikerlariek uste dute gizonak istripua izan zuela autoarekin, eta ibilgailua landarediaren azpian egon dela ezkutatuta ia hilabete.
Horren arabera, ibilgailua P-230 errepidetik atera zen 16,200. kilometroaren parean; irauli eta landarediaren azpian geratu zen. Hala, oharkabean igaro zen handik pasatu ziren guztientzat.
Gizona Bizkaiko udalerrian bizi zen, baina, sortzez, Palentziakoa zen. SOS Desagertuak elkarteak haren desagertzearen berri eman zuen duela hilabete.