Gizartea -

Bilbao

Metro Bilbaok etengabeko zerbitzua eskainiko du Aste Nagusian

Tren barruan maskara erabiltzea derrigorrezkoa dela gogorarazi du enpresak, eta bezeroei eskatu die Aste Nagusian geltokietako langileek emandako jarraibideak errespetatzeko.

Metro Bilbaoren geltoki bat, barrutik.
Metro Bilbaoren geltoki bat, barrutik.
Metro Bilbaoren geltoki bat, barrutik.

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Metro Bilbaok larunbat honetan berreskuratuko du Bizkaiko hiriburuko Aste Nagusian eskaini ohi zuen etengabeko zerbitzua; horrela, bederatzi jaiegunetan, 6.375 zirkulazio eskainiko ditu.

Zerbitzu berezi hori 2019ko abuztuan egin zen azken aldiz; izan ere, hurrengo urteetan, covid-19aren pandemiak eragindako murrizketek eragin zioten Aste Nagusiari. 2019 horretan, metroak 2,2 milioi bidaia baino gehiago egin zituen bederatzi jaiegunetan, Metro Bilbaok emandako datuen arabera.

Orduan, Zazpikaleak, Abando, Moyua, Areeta (1. linean) eta Barakaldo (2. linean) geltokiak izan ziren erabilienak.

Metro Bilbaotik adierazi dutenez, larunbat honetatik abuztuaren 28ko 23:00etara arte, 6.375 zirkulazio eskaini eta 147.050 kilometro egingo dituzte. Unitateen igarotze-maiztasuna desberdina izango da egunean zehar, eta mugikortasun eskaera handiena duten egun eta ordu-tarteetan eskaintza handituko dute.

Bestalde, Metro Bilbaoko arduradunek erabiltzaileei eskatu diete, su artifizialetara joateko erabiltzaile "asko" dagoenez, ibilbide hori aldez aurretik egiteko, pilaketak saihesteko, eta Barik txartela aurretik kargatzeko. Era berean, Europa parkeko kontzertuetarako, Basarrate eta Santutxuko geltokietara joatea gomendatu dute.

Ohikoa denez, segurtasun arrazoiak direla eta, debekatuta egongo da metroaren instalazio guztietara helio edota hidrogeno puxikekin sartzea.

Azkenik, Metro Bilbaok gogorarazi du nahitaezkoa dela tren barruan maskara erabiltzea, eta bezeroei eskatu die geltokietako langileek Aste Nagusian emandako jarraibideak une oro betetzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aste Nagusia Metro Bilbao Gizartea Eguneko albisteak Albisteak