Gizartea -

Ikerketa

Duela 56 milioi urteko berotze globalari buruzko ikerketa batek gaur egungoari buruzko argibideak eman ditzake

EHUko Geologia Sailak Paleozeno-Eozenoko sedimentuak aztertu ditu, eta ondorioztatu du orduan gertatu zena Iberiar Penintsulan gertatzen ari denaren antzekoa izan daitekeela.

Aitor Payros, EHUko Geologiako doktorea.
Aitor Payros, EHUko Geologiako doktorea.
Aitor Payros, EHUko Geologiako doktorea.

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Unibertsitateko Geologia Sailak duela 56 milioi urteko sedimentuei (Paleozeno-Eozenoa) buruz egindako azterlan baten emaitzek balio lezakete egungo klima-aldaketaren ondorioak aurreikustea ahalbidetuko duten eredu matematikoak doitzeko.

Unibertsitateak ohar batean azaldu duenez, Tremp-Graus arroako (Lleida eta Huesca arteko mugan) duela 56 milioi urteko sedimentuak aztertu dituzte, eta horrekin Paleozeno-Eozenoko berotze globalean gertatutako aldaketa alubialak eta hidroklimatikoak ikertu ahal izan dituzte. Atera diren datuak baliagarri izan daitezke gaur egungo klima-aldaketaren ondorioak aurreikusteko erabiltzen diren eredu matematikoak doitzeko. 

"Etorkizuneko aurreikuspenak egiteko balio dezakeen" ikerketa horren emaitzei esker, ondorioztatu da orduan gertatu zena Iberiar Penintsulan gertatzen ari denaren antzekoa izan daitekeela.

Duela 56 milioi urte karbono-isuri handiak izan ziren atmosferara eta ozeanoetara, eta horrek berotze global handia eragin zuen, Paleozeno-Eozenoko Maximo Termikoa izenekoa, eta egungo berotze antropogenikoaren antzinako antzekotzat jotzen da.

"Orduko berotzearen jatorria edo eragilea desberdina izan arren, prozesua oraingoaren oso antzekoa izan zen, eta, horregatik, gaur egungo berotze globalaren antzekotzat hartzen da", adierazi du Aitor Payros UPV/EHUko Geologiako doktoreak.

Azterlan honetan prezipitazioak eta baldintza hidroklimatikoak aztertu dira, eta ikusi da "berotze globalaren ondorioz prezipitazioen urtaroaren araberako banaketa aldatu zela eta, eta gainera, zenbait fasetan aldatu zela. Hasieran, prezipitazioak hilabete gutxi batzuetan kontzentratzen ziren, udazken inguruan; gero, urtean zehar era homogenoago batean banatuz joan ziren. Azken fasean, berriz, lehorterako joera izan zen".

"Ikusi dugu orduko berotze globalaren hasieran urtaroen arteko kontrasteak areagotu egin zirela, prezipitazioei dagokienez. Alegia, prezipitazioak udazken inguruan pilatzen ziren (ekaitzak izaten ziren maiz, eta uholde handiak), eta gainerako hilabeteetan lehorraldiak izaten ziren", zehaztu du Payrosek.

"Hori da, hain zuzen, datu edo erregistro meteorologikoak ikusita, azken hamarkadetan, eta azken mendean ere, Iberiar penintsularen hego-ekialdean gertatzen ari dena: euri-jasa handiak geroz eta ugariagoak dira udazken inguruan eta uda bukaeran, eta orain dela 100-200 urte ez ziren hainbeste gertatzen", azpimarratu du. 

Ikertzaileak adierazi du ez dagoela jakiterik etorkizunean Iberiar penintsularen hego-ekialdean zer gertatuko den, "baina uste den moduan, Lurrak modu berdintsuan erantzuten badie fenomeno berberei edo antzeko fenomenoei, pentsa liteke agian etorkizunean prezipitazioen urteko banaketa homogeneoagoa bihur daitekeela penintsularen hego-ekialdean edo antzeko klima daukaten beste eskualde batzuetan".

Etorkizunean gertatuko diren klima-aldaketak zehatz jakiteko, klima aurreikusteko erabiltzen diren eredu informatiko edo matematikoek antzinako berotze globaletan izandako fenomenoak erreproduzitzeko gai izan behar dute; UPV/EHUko azterlan honetako datuek lagun dezakete eredu informatiko eta matematiko horiek doitzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa EHU Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Ingurumena