Gizartea -
Donostiako Aste Nagusia
Ziztadak egitea egotzita sareetan zabaldu den gizon baten argazkiaren kasua ikertzen ari da Udaltzaingoa
Donostiako agenteak Kursaaleko terrazetara joan behar izan dira bart pertsona talde batek gizonezkoa identifikatu ostean. Ez diote inolako tresnarik edo substantziarik aurkitu, baina Udaltzaingoak ikerketa ireki du eta herritarrei laguntza eskatu die.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Ziztadak egitea egotzita sare sozialetan zabaldu den gizon baten argazkiaren kasua ikertzen ari da Donostiako Udaltzaingoa eta herritarren laguntza eskatu du auzia argitzeko, Udalak ohar batean jakinarazi duenez.
Iturrion arabera, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren agenteak Kursaaleko terrazetara joan behar izan dira bart, 00:00etan, pertsona talde batek gizonezkoa identifikatu ostean.
"Agenteek berehala esku hartu, eta susmagarria bertatik atera zuten, baina ez zioten inolako tresnarik edo substantziarik atzeman", azaldu dute.
Udaltzaingoak laguntza eskatu die herritarrei, eta norbaitek horren inguruko informazioa balu eurekin harremanetan jartzeko galdegin du.
Gertakari hau kenduta, gaua lasaia izan dela azpimarratu du Udalak eta ez dutela ziztadengatik edo bestelako eraso matxistengatik salaketarik jaso.