Gizartea -

Bilboko Aste Nagusia

Honela eragingo dio 2022ko Aste Nagusiak Bilboko zirkulazioari

Bizkaitar hiriburuko Udalak astearte honetan aurkeztu du nola eragingo dien Aste Nagusiak, hilaren 20tik 28ra bitartean, Bilboko zirkulazioari eta mugikortasunari. Halaber, egun horietan izango diren beste segurtasun-jarraibide batzuk ere zehaztu ditu.

Areatza itxita izango da, zirkulaziorako, aurrekoetan bezala. Argazkia: EFE.
Areatza itxita izango da, zirkulaziorako, aurrekoetan bezala
Areatza itxita izango da, zirkulaziorako, aurrekoetan bezala. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udalak aurkeztu egin du, asteartean, nola eragingo dien 2022ko Aste Nagusiak, hilaren 20tik 28ra bitartean, Bilboko zirkulazioari eta mugikortasunari. Halaber, egun horietan izango diren beste segurtasun-jarraibide batzuk ere zehaztu ditu.

Testuinguru horretan, eta aurreko edizioetan bezala, Areatzako jai-esparru osoan zirkulazioa aldatuko da, segurtasun arrazoiengatik. Zirkulazioa guztiz itxiko dute hilaren 18ko 8:00etatik 30eko 15:00etara arte Zingira, Epaltzaren Alarguna, Areatza eta Erribera kaleetan.

Baimendutako ibilgailuak Zingira kaletik (Ernesto Erkoreka plazatik) sartuko dira Areatzako jai-esparrura, eta Erribera kaletik irten. Jai-esparruan ezin izango da ibilgailurik aparkatu, zamalanetarako orduetan izan ezik.

Horrez gain, Aste Nagusiko arratsalde-gau guztietan, abuztuaren 20tik 27ra bitartean, mugatutako jai-esparru hori ondoko eremu batzuetara zabalduko da, hala nola, Plaza Biribilera eta Bailen kalearen amaierako zatira: egunero itxiko dira 19:00etatik aurrera, hurrengo eguneko 4:00etara arte (Plaza Biribila) eta 8:00etara arte (Bailen kalea), gutxi gorabehera.

Zirkulazioa itxiko da, modu berean, eguneroko beste ikuskizun batzuetan: su artifizialak, Europa parkeko kontzertuak, Txikiguneko kontzertuak, eta zenbait jai-ekitaldi, hala nola Balearen desfilea, Hiri Krosa eta Goitibeheren jaitsiera.

Egun horietan, asko edo gutxi, Bilbobusen 24 lineari eta Bilbao City Tour autobus turistikoari eragingo diete jaietako trafiko-etenaldi horiek, zehazten du Udalak.

Halaber, jaietako ostiralean Bilbobusen eskaera handia aurreikusten dutenez, zerbitzua larunbat arrunt batekoa izango da (58. linean izan ezik, horrek 20 minutuko maiztasuna izango baitu).

Gauero, hainbat linea indartuko dira su artifizialak amaitzen direnean, eta Gautxori zerbitzua eskainiko da (19an, ostirala, eta 28an, igandea, zerbitzua 2:00etan amaituko da).

Informazio guztia jaso ahalko da 010 zenbakira deituta (944010010, Bilbotik kanpo deituz gero) edo Udalaren web orrian sartuta.

Bestalde, aurten ere Artxandako Funikularrak ordutegia 24:00etara arte luzatuko du, aurreko urteetan Aste Nagusian egin duen bezala, abuztuaren 20tik 27ra bitartean, nahi duten pertsona guztiek su artifizialak Artxandatik ikus ditzaten.

Bilbaobizi, alegia, bizikletak mailegatzeko zerbitzua, bertan behera geratuko da abuztuaren 20tik 28ra, biak barne. San Agustin eraikinean dagoen informazio-bulegoa zabalik egongo da, betiko ordutegiarekin.

Gainera, zirkulazioaren aldaketen ondorioz, taxi-geltoki batzuk lekuz aldatuko dira.

Udalak Bilbora euren ibilgailuan doazenei honako hau gogorarazten die: jai-esparruak itxiko direnez, aparkatzeko ohiko eremu batzuk lekuz aldatuko dira.

Segurtasuna dela-eta, Udaltzaingoak ordutegi horiek aldatu ahal izango ditu, ekitaldietara etorritako jende kopuruaren arabera.

Soinu-ekipoak, edariak eta elikagaiak

Horrez gain, aurreko urteetan bezala, Udalak operatibo berezia jarriko du abian txosnetako eta ostalaritzako lokaletako soinu-ekipoak kontrolatzeko, kutsadura akustikoaren arloan indarrean dauden ordenantzak betetzen dituztela ziurtatzeko.

Aurreko urteetan ere egin dutenez, Osasun eta Kontsumo Sailak txosnetan eta jai-esparruko beste establezimendu batzuetan banatzen diren edarien eta elikagaien higiene- eta osasun-egoera ona zainduko du. Udalak herritarrei gogorarazten die baimenik gabeko kale-postuetan saltzen den janariak ez duela salgai dauden produktuen segurtasuna bermatzen duen kontrolik gainditzen; beraz, gomendioa da halako postuetan janaririk ez erostea.

Segurtasuna Itsasadarrean, su artifizialetan

Horretaz gain, eta kontuan izanik Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa bitartean Bilboko Itsasadarrera biltzen diren ontziak nabarmen gehitu egin direla azken urteotan, Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzak eta Bilboko Udalak erabaki dute segurtasun-antolamendu berezia ezartzea, berriro ere, su artifizialen erakusketa bitartean, 21:00etatik 1:00etara.

Zehazki, aurten honako jardun hauek onetsi dituzte: Udaletxeko Zubitik goragoko nabigazioa mugatuta egongo da, eta orobat segurtasun-gunean/kanalean, Itsasadarraren eskuinaldean 20 metroko segurtasu-kanal bat ezarri eta balizatuko dute, segurtasun-antolamenduko ekiporako bereizia, Guardia Zibilak ontziak ikuskatuko ditu, eta mugatu egingo du, hala behar bada, Zubizuriren eta Udaletxeko Zubiaren arteko ontzien kopurua, eta zaindu egingo du ontziek segurtasun-neurriak bete ditzaten eta ez dezaten izan behar baino zama handiagoa, Udalak Gurutze Gorriko ontziak kontratatuko ditu, inguruaren eta suak ikusteko inguruaren segurtasuna kudeatzeko Bilboko su-hiltzaileekin, Ertzaintzarekin eta Guardia Zibilarekin koordinatuta, Itsas Museoko pantalana (eta, hura ezean, suhiltzaileen pantalana, Deustuibarrean) larrialdietarako eta itsasadarra husteko beharrizanetarako bereiziko da, eta debekatuta egongo da beste gailu batzuekin nabigatzea, hala nola piraguak, paddle-surfak edo ontzi puzgarriak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala albisteak Bilboko Aste Nagusia Bilboko Itsasadarraren albisteak Bilbo gaur Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Bilboko Zazpikaleak Zer gertatzen da gaur Bilbobusekin?