Gizartea -

Bilboko Aste Nagusia

Erasoren bat pairatzen duten pertsonak artatzeko eta zaintzeko antolatu dira Bilboko konpartsak

Eraso matxista, LGBTIfobiko edo arrazistarik onartuko ez dutela nabarmendu eta autodefentsa aldarrikatu dute konpartsek. Erasoei erantzuteko, larritasunaren arabera jokatuko dutela zehaztu dute, baina printzipioz Arriaga plazan elkarretaratzea deituko dute eta zerbitzatzeari utziko diote.

Garazi Askazibar eta Nerea Matute bozeramaileak, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: @Konpartsak
Garazi Askazibar eta Nerea Matute bozeramaileak, gaurko prentsaurrekoan.
Erasorik gabeko jaiak aldarrikatu dituzte Bilboko Konpartsek eta Bilboko Udalak

01:24

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hastear den Bilboko Aste Nagusian zehar erasoren bat, dela matxista, LGBTIfobikoa edo arrazista, pairatzen duten pertsonak artatzeko eta zaintzeko antolatu dira Bilboko konpartsak. Hortaz, ezein erasoren aurrean edo laguntzarik behar izatekotan, txosnara jotzeko deia egin diete herritarrei. "Hemen, elkar zaintzen dugu", erantsi dute.

Bilboko konpartsetako kideek prentsaurrekoa eskaini dute gaur erasoen aurrean prestatu duten protokolo "espezifiko eta propioa" aurkezteko. Areatzako kioskoaren aurrean egindako agerraldian, protokoloaren nondik norakoak azaldu dituzte Garazi Askazibar eta Nerea Matute bozeramaileek. 

Protokoloaren arabera, txosna bertan artatuko dute biktima, eta "konfiantzazko espazio bat" eskainiko diote. Bertatik senitartekoak edota lagunak deitzeko aukera izango du. Hortik aurrera, "erasoa jasan duen pertsonaren nahien arabera jokatuko dugu, hartu beharreko neurriak egokituz", argitu du Matutek. 

Biek ala biek nabarmendu dutenez, konpartsek "guztiontzako (festa)gune alai, eroso eta segurua" nahi dute, eta hala, eraso matxista, LGTBIfobiko eta arrazistek ez dute lekurik, ezta erasotzaileek ere. 

Hain justu, balizko erasotzaileari ere zuzendu zaio Askazibar: "Errespetuz jokatzea zer den ez badakizu, gure jaietara ez etortzeko exijitzen dizugu Bilboko konpartsok. Ez zaitugu hemen nahi. Ez duzu lekurik gure Aste Nagusian. Erasotuz gero, aurrean izango gaituzu. Prest gaude, autodefentsa da gure tresna eta jadanik ez dugu beldurrik. Argi utzi nahi dugu aipatutako jai-eredu seguru horren bidean, irmo erantzungo diogula edozein motatako erasori: matxista, arrazista edo LGTBIfobikoa izan", azaldu du.

Era berean, konpartsakideak biktimaren ondoan egongo direla azpimarratu dute, "laguntza eta babesa eskainiz". Askazibar eta Matuteren esanetan, "konpartsakideok antolatuta eta ekiteko eta laguntzeko prest gaude. Beraz, inolako erasoren aurrean edota inolako laguntzarik behar izatekotan, ez itzazu dudarik izan eta edozein txosnara jo. Hemen, elkar zaintzen dugu".

Erantzuna, larritasunaren araberakoa

Erasoren bat egonez gero protokoloa martxan jarriko dute. Erantzuna erasoaren larritasunaren araberakoa izango dela aurreratu dute, baina printzipioz, honakoa aurreikusi dute: Arriaga plazan mobilizazioa egingo dute, 19:00etan. Txosna guztiek zerbitzatzeari utziko diote, eta itxita egongo dira mobilizazioak iraun bitartean. Gainera, gauerdian lapikokada antolatuko dute, eta 20 minutuz, txosnen jarduna eta programatutako ekintzak etenda egongo dira. 

Ziztadak eraso matxistatzat hartuko dituztela azaldu du Bilboko Konpartsak federazioak. 

Halaber, Areatzan txosnagunean more koloreko kartel handiak jarriko dituzte bost hizkuntzetan (euskaraz, gazteleraz, frantsesez, ingelesez eta arabiarrez) erasoa pairatu edo ikusi duen pertsonak nola jokatu ahal duen azaltzeko. 

Azkenik, zehaztu dutenez, dozena bat lagunek osatutako batzordeak bilerak egingo ditu egunero egoera baloratzeko. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aste Nagusia Zer gertatu da gaur Bilbon? Bizkaia Arrazismoa albisteak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Matxismoa Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna LGTBI