Gizartea -
Aste Nagusia
Aste Nagusian "bizikidetza benetako protagonista izatea" espero du Aburtok
Bilboko alkateak jaiak "eredugarriak" izatea eskatu du. Alkateak aurreskua dantzatu du gaur, Begoñako Andre Mariaren egunean, bi urteko etenaren ostean.
Agentziak | EITB Media
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak espero du Aste Nagusian "bizikidetza izatea nagusi gure kaleetan eta benetako protagonista bera izatea". "Jaietako azken egunean mezua hori izatea nahiko nuke", aitortu du.
Begoñako Andre Mariaren eguna da gaur, eta ohiturari jarraiki, Bilboko auzo horretan egin ohi den ospakizunetan izan da Aburto. Udaleko zein beste erakundeetako ordezkariak ondoan zituela, aurreskua dantzatu du alkateak. Pandemiaren eraginez, bi urtez Begoñako "amatxu"ren egun handia ospatu gabe egon da Bizkaiko hiriburua.
Aurreskua dantzatu baino lehen egindako adierazpenetan, alkateak eskatu du Aste Nagusia "eredugarri" izatea, "zentzu guztietan", eta herritarrei "ondo pasatzeko" deia egin die "baina betiere zuhurtziaz eta erantzukizunez jokatuta".
"Jaiak noiz helduko gaude, festa gogo asko dugu, eta erantzukizuna eta bakea nagusi izatea eskatu nahi dut, bizikidetza izan dadila jaietako protagonista", azpimarratu du.