Gizartea -
Grezia
Egonkor, baina oraindik oso larri dago Santorinin jipoia jaso zuen beasaindarra
Leire Artola Beasaingo alkateak Euskadi Irratian azaldu duenez, senideak ostiral iluntzetik daude Atenasen, eta kontsulatuaren bitartez itzultzaile baten laguntza eskaini diete medikuekin harremanetan jartzeko.
EITB MEDIA
33 urteko beasaindarrak oso larri jarraitzen du Atenaseko ospitale bateko ZIUan, Santorinin jipoi handia jaso ostean. Hala ere, medikuek haren egoera egonkortzea lortu dute, eta datozen orduak eta egunak erabakigarriak izango dira, azken berrien arabera.
Leire Artola Beasaingo alkateak Euskadi Irratian azaldu duenez, senideak ostiral iluntzetik daude Atenasen, eta kontsulatuaren bitartez itzultzaile baten laguntza eskaini diete medikuekin harremanetan jartzeko.
Alkatearen esanetan, gertakarien inguruan komunikabideetan irakurritakoa baino ez dakite. Bestalde, gaztearekin Greziara bidaiatu ziren beste hiru lagunen harira, alkateak esan du oraindik ez direla itzuli.
Gertatukoaren nondik norakoak
Greziako irlan oporretan zegoela, joan den ostegunean lapurreta egiteko eraso egin zion hainbat gaztek osatutako talde batek. Jasandako kolpeengatik, gizona larri zauritu zen, eta hegazkinez eraman zuten Santorinitik Atenasera. Evangelismos erietxeko ZIUn ospitaleratuta dago, oso larri.
Poliziak lau pertsona atxilotu ditu, erasoarekin lotura dutelakoan. Greziako hainbat kazetek zabaldu dutenez, erasotzaileak 16 eta 19 urte bitarteko gazteak dira, eta telebista zirkuitu itxiko kamerek grabatutako irudiei esker identifikatu eta aurkitu dituzte.