Gizartea -

eguraldia

Suteak pizteko arrisku "muturrekoa" edo "oso altua" du gaur Nafarroak

Erkidegoaren erdialdean handiagoa da arriskua, eta txikiagoa Pirinioetan eta Erriberan. Bien bitartean, Nafarroako suhiltzaileen hainbat talde Añon de Moncayon (Zaragozan) piztu den sutea itzaltzeko lanetan laguntzen ari dira.

Lizarraldeko eremu bat, airetik ikusita. Argazkia: EFE
Lizarraldeko eremu bat, airetik ikusita.
Lizarraldeko eremu bat, airetik ikusita. Argazkia: EFE

E. G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroa baso suteak pizteko arrisku "muturrekoan" edo "oso altuan" dago gaur, Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak egindako iragarpenaren arabera. 

Arriskua altuagoa da ("muturrekoa", gorriz) foru erkidegoaren erdialdean, eta txikiagoa, "oso altua" (laranjaz) izan arren, gainerakoan (Pirinioetan eta Erriberan), SOS Nafarroak txio batean zehaztu duenez. 

Bien bitartean, Tuterako eta Cordovillako parkeetako hainbat talde Añon de Moncayo (Zaragoza) piztutako sutea amatatzeko lanetan ari dira. Zehazki, El Buste herriko ipar-ekialdean ari dira, Nafarroako suhiltzaileen esanetan. 

Suteak saihesteko aholkuak

Horren ildoan, suteak prebenitzeko gomendioak ere ekarri ditu gogora SOS Nafarroak. Besteak beste, zigarro muturrak eta poxpoloak autoko leihotik ez botatzea eta mendian beirazko produktuak eta botilak ez uztea aholkatu du. 

Sutea egotekotan, landaretzarik gabeko gune baterantz urruntzea aholkatzen da, beti beherantz. Haizeak nondik jotzen duen, kontrako noranzkoan mugitzeko eta troketara edo irteerarik gabeko sakanetara ez joateko gomendatu dute. 

Garretatik ihes egiterik ez badugu, honakoa da gomendioa: basoko soilgune batera edo jada erretako gune batera joatea, zulo bat egitea, buruz behera jartzea eta burua eta gorputza lurrez edo arropa bustiz estaltzea. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Alerta meteorologikoak albisteak Suteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak