Gizartea -
Gipuzkoa
Bi gizon atxilotu dituzte Orion bi pertsonari arma zuriarekin eraso egitea egotzita
Biktimetako batek zauri larriak ditu. Dirudienez, taberna batean izandako borrokaren ondoren jazo da erasoa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak 26 eta 32 urteko bi gizon atxilotu ditu Orion (Gipuzkoa), udalerri horretan bart izandako eraso batekin lotura dutelakoan. Erasoaren ondorioz, bi pertsona ospitalera eraman behar izan zituzten arma zuriekin egindako lesioak zituztelako, eta horietako bat larri zaurituta dago.
Larunbat honetako 01:15ak aldera, Ertzaintzari jakitera eman dioten borroka batean bi gizonezko zauritu dituztela, itxura denez, arma zuri batekin, Orioko taberna baten inguruan.
Lekura herritarrak babesteko lanetan ari ziren patruilak eta osasun-zerbitzuak hurbildu dira. Bi pertsona artatu dituzte: horietako batek odola zerien zauriak zituen toraxean eta besteak, besoan, eta biak anbulantzian eraman zituzten Donostia Ospitalera. Lehenengoa ospitaleratuta geratu da, zauri larriak baitzituen, eta bigarrenari jada eman diote alta.
Polizia-dotazioek lekuan bertan bildutako informazioaren arabera, bi gizonek eztabaida izan zuten zaurituetako batekin eta arma zuri batekin eraso egin zioten. Bigarren biktima, dirudienez, eztabaidan bakeak egiten saiatu zen, eta besoan ebaki bat egin zioten. Bi inplikatuek alde egin zuten lekutik erasoaren ondoren.
Egindako ikerketaren ondorioz, agenteek handik laster aurkitu eta atxilotu dituzte ustezko erasotzaileak.
Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du gertatutakoa argitzeko, eta atxilotuak epailearen esku jarriko ditu behin polizia-eginbideak amaituta.