Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon batek bikotekidea larri zauritu du Donostian, labanaz eraso eginda

Ustezko erasotzailea emakumearen bikotekidea da, eta Ertzaintzak atxilotu du. Amara auzoan gertatu da erasoa.

Erasoa Amaran izan da. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.
Erasoa Amaran izan da. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.
Erasoa Amaran izan da. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon batek emakume bati labanaz eraso dio Donostian eta lesio larriak eragin dizkio, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Ustezko erasotzailea emakumearen bikotekidea da, eta Ertzaintzak atxilotu du. Amara auzoko etxebizitza batean gertatu da eraso matxista, igandean, 7:00ak aldera.

Iturriak zehaztu duenez, erasoaren berri izan eta berehala hainbat ertzain etxebizitzara bertaratu dira, eta emakumea topatu dute, larri zaurituta, bizkarrean eta lepoan hainbat sastada zituela. Biktima Donostia ospitalera eraman dute, anbulantziaz.

Erasozaileak ebakiren bat zuen besoan eta artatu ondoren, atxilotu egin dute, genero indarkeria delitua egotzita.

Etxebizitzan, aiztoa topatu dute; baliteke erasoan erabilitako arma izatea hori.

Ertzaintzak ikerketa zabaldu du.

Udalaren adierazpen instituzionala eta elkarretaratzea arratsaldean

Bitartean, eraso honekin eta gauean Alde Zaharrean salatu dituzten lau ziztada-kasurekin lotuta, Donostiako Udalak hainbat emakumek azken orduetan jasandako erasoak gaitzetsi ditu;hala, Udalak "erabateko irmotasunez gaitzesten du emakume donostiar baten bizitzaren eta askatasunaren aurkako eraso matxista. Gure hirian gertatutako indarkeria matxistak eragindako beste gertaera bat izan da", dio adierazpenak.

Horrez gain, "babesa eta elkartasuna adierazi nahi dio eraso tamalgarri honen biktimari, bai eta bere familia eta hurbileko ingurukoei ere. Udalak indarkeria-egoerak pairatzen dituzten edo pairatu dituzten emakume guztiei jakinarazten die laguntza behar eta nahi izanez gero Udalak dituen zerbitzu eta baliabideetara jo dezaketela".

"Gaitzespena eta kezka" agertu ditu Udalak "bart gauean gertatutako ziztadengatik. Mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira eta Udalak guztik gaitzesten ditu. Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizarte, mugimendu feminista eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde. Eta sexuen hezkuntza lantzea, horiek kudeatzeko trebetasunak eta baliabideak emateko. Beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela".

Ildo horretan, Udalak elkarretaratzea deitu du arratsalderako, Alder Ederren, eta gaitzespena adierazteko hirian egiten diren deialdiekin bat egiten du.

Gipuzkoako Aldundiak ere gaitzetsi du

Gipuzkoako Aldundiak ere gaitzetsi ditu Donostian azken orduetan izandako eraso matxistak, baita Irunen izandakoa ere, eta "indarkeria sexistarik gabeko udalerriak" galdegin ditu. Adierazpen instituzional baten bidez, "gertutasuna eta elkartasuna" agertu nahi izan dizkie azken eraso hauetako biktimei, baita senideei eta lagunei ere.

Eider Mendoza bozeramaileak esan duenez, bi erasoek eta azken orduetan jai-eremuan salatutako mota askotako eraso matxisten salaketek, "berriro ere agerian jarri dute emakumeek gure gizartean askatasunik eta berdintasunik ez izatearen egiturazko arazo soziala".

"Eraso matxistak dira adierazpenik larriena, baina horien jatorria gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eza eta emakumeak kontrolpean eta mendean eduki nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak daude; horregatik guztiagatik, beste behin ere, berdintasunaren aldarrikapena azpimarratzen dugu. Emakumeen eta gizonen berdintasuna, duintasuna, sexu-askatasuna eta pertsonaren osotasun fisikoa errespetatzea eskubide bortxaezinak dira; eskubide horien aurkako jokabideek ez dute lekurik gure gizartean inolako testuingurutan".

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia bideoak Tratu txarrak gaur Gizartea albisteak Indarkeria matxistaren biktimak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak