Gizartea -
Indarkeria matxista
Emakume batek salatu du ziztada bat jaso duela Zumaian, gauean
Zumaiako Udalak adierazpena egin du, "erasoaren aurka erabateko gaitzespena" agertzeko, eta hori jasan duen emakumeari babesa eta elkartasuna adierazteko asmoz. Euskal Jai Egunean gertatu da.
EITB MEDIA
Emakume batek salaketa jarri du Ertzaintzaren aurrean, Zumaian ziztada bat jaso duelako, ostiraletik larunbaterako gauean, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Iturri horrek berak zehaztu du emakumea Donostiako Ospitalean artatu dutela.
Zumaiako Udalak adierazpena egin du, "erasoaren aurka erabateko gaitzespena" agertzeko, eta hori jasan duen emakumeari babesa eta elkartasuna adierazteko asmoz. Euskal Jai Egunean gertatu da.
"Ziztada hauek indarkeria matxistaren forma berri bat dira, eta ezin dira gertaera isolatu gisa ulertu. Emakumeen beldurra eta mendekotasuna sustatzea dute helburu, eta askatasuna eta ongizatea baldintzatu eta mugatu nahi dute", dio adierazpenak.
"Udaran ere, bai jaietan eta bai egunerokotasunean, libre lasai eta seguru bizitzeko eskubidea dugu emakumeok", adierazi du Zumaiako Udalak.
Azkenik, Udalak herritarrei deitu die, igandeko 12:00etan Zumaian, Saregile plazan, Mugimendu Feministak egingo duen elkarretaratzean parte hartzeko, erasoaren aurka eta biktimarekin elkartasunean.