Gizartea -

Donostiako Aste Nagusia

Ehunka pertsona zezenketen aurka manifestatu dira Donostian

Zezenketen inguruko herri-galdeketaren aldeko kartelak eraman dituzte parte-hartzaileek, Donostiako erdigunetik egindako ibilbidean.

Zezenketen aurkako pankartak, Donostian ikusgai. Argazkia: EFE
Zezenketen aurkako pankartak, Donostian ikusgai. Argazkia: EFE
Zezenketen aurkako pankartak, Donostian ikusgai. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Aste Nagusiaren zezen-azokaren hasieraren harira, zezenketen aurkako manifestazioa izan da larunbat arratsalde honetan Donostian, Zezenketen Aurkako Gipuzkoako Plataformak deituta.

Martxa 18:00ak pasata abiatu dute, Boulevardetik, "Gure Eskuetan" lelopean. Izan ere, zezenketen aurkako pankartak eraman dituzte, eta Donostian zezenketak egitearen inguruko herri-galdeketaren aldeko kartelak ere ikusi dira.

"Goia, entzun, zezenketen aurka dago Donostia", "Animalien tortura, zigor kodera" edo "Ez da kultura, tortura baizik" bezalako oihuak entzun dira ibilbidean zehar.

Juantxo Lopez de Uralde Unidas Podemoseko diputatua, Aitzole Arantea Elkarrekin Donostiako bozeramailea, Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotzia eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate ohia, besteak beste, izan dira manifestazioan.

EH Bildu eta Elkarrekin Donostia, Eguzki eta Pagma talde ekologistekin batera, besteak beste, Gipuzkoako zezenketen aurkako plataforma berriko kideak dira.  

Donostiako Aste Nagusian bueltan da zezen-azoka, hiru ikuskizunekin. Lehenengoa, larunbat arratsalde honetan bertan, Illunben, Morante de la Puebla, Alejandro Talavante eta Pablo Aguado toreatzaileekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Aste Nagusia Donostia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Animaliak