Gizartea -
Eguraldia
Bero-boladak 39-40 gradu arteko tenperaturak utzi ditu Euskal Herriko zenbait txokotan
Ipar Euskal Herrian, alerta laranja ezarri dute gaur, eta EAE eta Nafarroa abisupean izango dira tenperatura altuengatik larunbatera arte.
eitb media
Euskal Herria pairatzen ari den bero-boladak 39-40 gradu arteko tenperaturak utzi ditu ostegun honetan.
Euskalmenten arabera, 40,4 gradu neurtu dituzte Gardean (Laudio, Araba), 39,9 gradu Arrasaten (Gipuzkoa), 37,7 Zorrotzan (Bilbo), 35,7 Abetxukon (Gasteiz), 35,5 Miramonen (Donostia), 35,6 Paganosen (Guardia, Arabako Errioxa) eta 28,9 Herrera mendatean, 1.188 metrora (Araba).
Euskal Herriak uda honetan pairatu duen enegarren beroaldiaren ondorioak larunbatera arte izango ditugu, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak hilaren 13ra arte luzatu baitituzte tenperatura altuengatik ezarritako abisuak, Araba ia osoari (Aiaraldea kenduta) eta Nafarroako erdialde eta Erriberari bakarrik eragingo badiete ere.
Gaurkoan, beroagatik ezarritako abisuak lurralde osoari eragingo dio, ordea. 38 ºC-ko maximoak izan daitezke EAEko barnealdean eta Nafarroako erdialde eta hegoaldean. Sute arriskuagatik ezarritako abisu horia ere badago indarrean. Ipar Euskal Herrian, bestalde, alerta laranja ezarri dute beroagatik.
EAEn, bina abisu egongo dira indarrean tenperatura altu iraunkorrengatik eta muturrekoengatik. Termometroek gora egiten jarraitzea espero da. Aurreikusi dutenez, termometroak 38 gradura hel litezke Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean, eta 32ra, kostaldean.
Landarediaren lehortasunagatik, tenperatura altuengatik eta haizearen indarragatik aktibatuko dute baso sutea izateko arriskua, eta ostegun osoan zehar izango da indarrean.
Ostiralean ere beroa izango da protagonista nagusia. Arabako iragate-zona eta Ebro ondoko eskualdea (Arabako Errioxa) abisu horian izango dira tenperatura altu iraunkorragatik egun osoan zehar, eta muturreko tenperatura oso altuengatik 10:00etatik 20:00etara. Larunbatean ere egoera berean izango dira bi guneak. Eremu horiek baso sutea izateko arriskuan jarraituko dute bihar eta etzi.
Nafarroan, Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak lau abisu hori ezarriko ditu muturreko tenperatura altuengatik. 38 ºC-ko maximoak aurreikusi dituzte lurraldearen erdialdean eta Erriberan; 36 ºC, Kantauri Isurialdean eta 34 ºC-koak, Pirinioetan. Bihar, ostirala, Erriberan, Nafarroako erdialdean eta Pirinioetan bakarrik egongo dira indarrean abisuak. Larunbatean, aldiz, Erriberan eta foru erkidegoaren erdialdean.
Beroak eta hezetasun maila baxuak eraginda, baso sute arriskua "muturrekoa" da gaur foru erkidego osoan.
Meteofrancek alerta laranja aktibatuko du beroagatik Pirinio Atlantikoen Departamentuan (Ipar Euskal Herria tartean dago).
Gau tropikala, 20 ºC-tik gorako minimoekin
Epela izan da giroa bart, eta tenperatura minimoak altuak izan dira. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak bere estazioetan bildutako datuen arabera, 23,2 ºC izan dituzte Zornotzan (Bizkaia); 25,0 ºC, Higerren (Hondarribia, Gipuzkoa); eta 20,3 ºC, Paganosen (Guardia, Araba).
Gainera, ekaitz guneek prezipitazioa utzi dute nonahi, baina bildutako euria ez da, inondik inora, apartekoa, ez baitira metro koadroko 10 litro bildu. Nanclares Okan (Araba) batu dute gehien, ia 9 litro, eta Zegaman (Gipuzkoa), 7.