Gizartea -
Kantabria
54 eta 69 urteko bi euskal herritar hil dira Kantabriako hondartzetan
Castron, PSE-EEren Mungiako zinegotzia hil da. Santoñan, 54 urteko donostiar bat izan da hildakoa.
Agencias | EITB Media
Bi euskal herritar hil dira asteazken honetan Kantabriako hondartzetan. Hain zuzen ere, Castron, PSE-EEren Mungiako zinegotzia hil da, 69 urtekoa, eta Santoñan, 54 urteko donostiar bat izan da hildakoa.
Lehen ezbeharra Santoñako Berria hondartzan jazo da. Gurutze Gorriko sorosleek uretatik atera dute biktima bihotz-birikak geldituta zituela. Suspertzen saiatu dira, baina ez dute lortu.
061eko osasun langileek eta Kantabriako Gobernuaren helikopteroak ere ez dute bizitza salbatzea lortu.
Sorosleek abisua eman diote 112 Larrialdien Arreta Zentroari. Era berean, Santoñako Udaltzaingoa eta Guardia Zibila bertaratu dira.
Helikopteroa Collados del Asongo baso-sutea itzaltzeko lanean ari zen, eta azkar batean iritsi da hondartzara.
Hildakoaren gorpua Guardia Zibilaren esku geratu da.
Handik gutxira, 69 urteko mungiar bat itota hil da Castroko Brazomar hondartzan. Jose Angel Fernandez Nuñez da hildakoa, PSEren zinegotzi bakarra herri bizkaitar horretan.
DYAko sorosleek uretatik atera dute, itsasbazterretik 25 metro ingurura uraren gainean ikusi ondoren. Suspertzeko maniobrak egin dizkiote, baina hil egin da, DYA Cantabriak eta 112 Cantabriak jakinarazi dutenez.