Gizartea -
Gasteizko jaien balantzea
Urtaran: "Jai bikainak izan dira, baina indarkeria matxistaren puntu beltza egon da"
Gasteizko alkateak zehaztu duenez, sei ziztada izan dira, azkena, bart. Gainera, bi eraso homofobo izan dira, eta adingabe batzuei egindako ukituengatik hiru gizon atxilotu dituzte gaur gauean.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Gorka Urtaran Gasteizko alkatearen arabera, aurtengo Andre Maria Zuriaren jaiak "bikainak" izan dira, baina, deitoratu duenez, indarkeria matxistaren "puntu beltzen ondorioz, ez dugu ohorezko matrikula izan".
Zehaztu duenez, ziztadengatik sei salaketa jaso dituzte, azkena bart. Gainera, bi eraso homofobo izan dira, eta adingabe batzuei egindako ukituengatik beste salaketa bat jaso dute gaur gauean. Ustezko hiru erasotzaileak atxilotu ditu Udaltzaingoak. "Erantzun irmoa ematea espero dut", gaineratu du alkateak.
Urtaranek prentsaurrekoa eskaini du Estibaliz Canto Kultura zinegotziarekin batera "hamarkada honetako jairik onenen" balantzea egiteko. Biek nabarmendu dutenez, parte hartze handia izan da, eta hori da, alkatearen iritzian, "arrakastaren giltza".
"Gasteiztarrak eta kanpotik etorritakoak ondo baino hobeto portatu" direlako eta "errespetuz" jardun dutelako "oso harro" dagoela aitortu arren, gaitzetsi du "egunero Gasteizen indarkeria matxistaren kasuak" daudela (jaietan ere izan dira, eta 31 salaketa jaso dituzte bederatzi egunotan). "Sei ziztadek, eraso homofoboek eta sexu abusuen salaketa horrek, puntu beltz horiek, ezin dute gure jaien balantzea itsustu, baina esan behar dugu puntu beltzak direla eta alde horretatik salatu behar ditugula", adierazi du.
Ziztaden inguruan, jakinarazi du emakume batek txosnetan ziztatua izan dela salatu duela bart, eta kasua ikertzen ari direla. Gainerako bost kasuetan, ez da beste ondoriorik izan ziztadaz harago.
Adingabeei egindako ukituen inguruan, aitortu du gaur "gorputzaldi txarrarekin" itzartu dela "hiru bihozgabek neska adingabe batzuei sexu abusua egin dietelako. Horregatik, nire gaitzespen erabatekoena; espero dut erantzun irmo bat ematea gure festetan eta beste inon lekurik ez duten horiei".
Jaiak, zenbakitan
Estibaliz Canto Kultura zinegotziak bederatzi egunotako parte hartze datuak eman ditu. Euren kalkuluen arabera, 60.000 pertsona izan ziren Zeledonen jaitsieran, eta 43.500 lagun zenbatu dituzte antolatutako musika ekitaldietan.
Horrez gain, 1.350 pertsonak, gehienak emakumeak, jo dute eraso sexisten inguruko puntu morera, eta turismo bulegoak 2.184 bisitari jaso ditu, % 17 atzerritarrak (gora egin du kopuruak: batezbestekoa % 9koa zen azken urteetan).
Bestalde, garbiketa zerbitzuek 2.600 kilo plastiko bildu zituzten Zeledonen jaitsieran, eta % 100 birziklatu dela nabarmendu du Urtaranek. Bederatzi egunotan, 2,6 milioi litro ur erabili dituzte kaleak garbitzeko eta milioi bat kilo hondakin jaso dituzte. Alkatearen aburuz, kopuru hori murriztu egin behar da etorkizunean.