Gizartea -

Sua Araban

Zanbranako sutea itzali dute azken orduetan egindako euriari esker

Suteak 190 hektarea kiskali ditu, basobera gehienbat. Suhiltzaileak bertan dira oraindik. Izan ere, Araba ia osoan abisu horia dago ezarrita baso suteak pizteko arriskuagatik.

Suak kiskalitako eremua. Argazkia: EITB Media
Suak kiskalitako eremua.
Zanbrana suteak kiskalitako eremua, airetik

1:17

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euria egin du bart Araba hegoaldean, eta, baldintza meteorologikoek lagunduta, suhiltzaileek Zanbranan igandean piztutako sutea itzali dute, Arabako Foru Aldundiak  baieztatu duenez. 

Atzo, arratsaldean, bestelakoa zen egoera. Haize zakarrak eta hezetasun faltak Santa Cruz del Fierro eta Ozio fokuetako garrak bizitu zituzten, eta kezka piztu zen. Dena dela, esan bezala, itzalita dago sutea, baina han dira oraindik larrialdi zerbitzuetako langileak. Arabako suhiltzaileen eta Foru Aldundiko baso langileen 30 bat behargin daude zaintza lanetan.

Besteak beste, honako lanak egiten ari dira: oraindik ketan dauden eremuak freskatu, lurrean botata geratu diren ur hodiak kendu, eta sarbide zaila duten guneetara iristeko bideak zabaldu dituzte, Arabako suhiltzaileek zehaztu dutenez. 

Gainera, iragarpen meteorologikoak ez dira onak. Izan ere, haize bolada zakarra eta tenperatura altuak daude iragarrita, eta Araba ia osoan (erdialdea eta Arabako Errioxa), baso suteen arriskuagatik abisu horia ezarriko du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 14:00etatik gauerdira arte. 

Suteak 190 hektarea kiskali ditu, basobera gehienbat. Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Departamentuak jakitera eman duenez, suak 170 hektarea txaraka suntsitu ditu, eta beste 20 hektarea laborantza lursail, nahiz eta dagoeneko uzta bilduta izan.

Gainerakoan, sutearen gunetik gertu dagoen A-3126 errepidea ireki dute berriro, Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi duenez.

Nafarroan ere, altua da sute arriskua. Foru erkidegoaren ipar-mendebaldean, "muturrekoa" da arriskua, eta erdialdean, "oso altua". Hain justu, azken orduetan bi sute txiki itzali dituzte, bata, Goizuetan, eta, bestea, Burlatan. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba EAE Suteak argazkiak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Sua amatatzeko lanen azken ordukoa Arabako Foru Aldundia azken ordukoa Gaubea gaur Añanako Kuadrilla