Gizartea -
Sua Araban
Haizeak eta tenperatura altuek Zanbranako sutearen bi foku bizitu dituzte berriro
Euskadi, Nafarroa, Erriotxa eta Gaztela eta Leongo baliabideak sua itzaltzeko lanean ari dira, baina baldintza meteorologiko kaskarrek Santa Cruz de Fierroko eta Ocioko fokuak berpiztu dituzte.
Agentziak | EITB Media
Iragan igande arratsaldean, Zanbranan (Araba), piztutako sutearen bi foku berriro bizitu dira, haizearen eta tenperatura altuen ondorioz, nahiz eta suhiltzaileek 24 ordu baino gehiago eman sua itzaltzeko lanean, aireko zein lurreko baliabideen laguntzarekin.
Euskadi, Nafarroa, Errioxa eta Gaztela eta Leongo suhiltzaileak ari dira lanean, baina baldintza meteorologiko kaskarrek Santa Cruz de Fierroko eta Ocioko fokuak berriz bizitu dituzte.
70 suhiltzaile baino gehiago, basozain, bi helikoptero eta bi hegazkin etengabe lanean ari dira, Arabako Foru Aldundiak jakitera eman duenez. Irma Basterra eta Eduardo Aguinaco Lurralde Oreka eta Nekazaritza foru diputatuek, hurrenez hurren, goiz osoa eman dute aginte-postuan.
Dispositiboko arduradunek sutea "egonkortutzat" jo dute goizean, suaren fokuak "mugarrituta", baina horietako bi arratsaldean berpiztu dira.
Sutea igandean 16:30 aldera piztu zen, eta A-3126 errepidea ixtera behartu zuen. Errepideak itxita jarraitzen du, baina suteak ez du oraingoz etxebizitzak hustera behartu.
Gauean, hezetasunari eta suhiltzaileen lan etengabeari esker, egoerak hobera gin du. Horregatik, agintariak baikor agertu dira goizeko lehen orduan.
Sutearen sorburuari dagokionez, Alberto Amenabar Arabako suhiltzaileen zuzendariak gogorarazi du Segurtasun Sailak abiatutako ikerketa ez dela amaitu. Hala ere, lursail batean piztu dela ematen du.