Gizartea -
koronabirusa
Covid-19aren adierazle guztiek hobera egin dute Euskadin, ia 1.000 positibo eta 200 gaixo gutxiagorekin
Halaber, hildako pertsona kopurua 53tik 31ra jaitsi da aurreko astearekin alderatuta, eta 9 pertsona daude gaur gaurkoz ZIUn, aurreko astelehenean, aldiz, 19 izan ziren.
Iker gonzalez | eitb media
Koronabirusaren intzidentziak hobera egiten jarraitzen du etengabean, adierazle guztiek behera egin baitute, gaur argitara eman duten azken txosten epidemiologikoaren arabera.
Hala, azken astean 31 pertsona hil dira, aurrekoan baino 22 gutxiago, 53 izan ziren eta. Gainera, igandera arte 286 lagun zenbatu dira euskal ospitaleetan -aurreko asteleheneko txostenaren arabera 447 ziren- eta 9 lagun daude ZIUn; duela zazpi egun 19 zeuden zainketa berezian.
Positibo kopuruari dagokionez, aurreko asteko astelehenetik igandera, 1.881 zenbatu dituzte, eta abuztuaren 1eko txostenean, 2.730 izan ziren.
100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia metatuak ere hobera egin du; hala, azken txostenaren arabera, 210,24an dago, hau da, duela astebete baino 100 gutxiago, eta duela bi astekoaren erdia baino gutxiago.
Gauzak horrela, azken olatu honek -uztailaren erdialdera izan zuen mailarik altuena- beheranzko joerari eutsi dio, Gaussen kanpainaren itxura hartuta, intzidentzia metatua martxoko balioetan kokatu baita.