Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Bost ziztada salatu dituzte Berako festetan eta hiru Lizarrakoetan
Berako Udalak jakinarazi duenez, ziztada jasan izana salatu dute lau emakumek eta gizon batek. Horietatik bik salaketa aurkeztu dute Foruzaingoan. Lizarran, berriz, hiru emakumek ziztadak salatu dituztela jakinarazi du bertako Udaltzaingoak.
T. S. J. | EITB MEDIA
Bost pertsonak, lau emakumezkok eta gizonezko batek, ziztadak salatu dituzte Berako jaietan (Nafarroa), Berako Udalak EITB Mediari baieztatu dionez. Horietatik bik salaketa aurkeztu dute Foruzaingoan.
Berako mugimendu feministak ere erasoak salatu ditu Twitter bidez, eta horiek gaitzesteko elkarretaratzea egin du larunbat arratsalde honetan, Berako Mukixu zubian.
Nafarroan publikoki salatutako lehenengo ziztada kasuak izango lirateke.
Lizarrako festetan, bestalde, hiru emakumek salatu dituzte ziztadak, bertako Udaltzaingoak jakitera eman duenez. Emakume horietako bat erietxera eraman zuten, eta beste biak herriko osasun-etxean artatu zituzten. Orain arte zabaldutako informazioaren arabera, ez dute Foruzaingoaren aurrean salaketarik jarri.