Gizartea -
aste nagusia
Bilboko Konpartsek ziztadak sartuko dituzte eraso sexisten aurkako protokoloan
Abuztuaren 20tik 28ra bitarte luzatuko den Aste Nagusirako jarduera egitaraua aurkeztu dute konpartsek ostegun honetan, eta azken egunotako eraso matxistak ere izan dituzte hizpide.
agentziak | eitb media
Bilboko Konpartsek eraso sexisten aurkako protokoloa eguneratuko dute Aste Nagusirako, emakumeei egindako ziztada posibleei aurre egiteko jarraibideak eskuragarri izateko asmoz. Hala iragarri dute abuztuaren 20tik 28ra bitartean ospatuko diren jarduera eta ekitaldi egitarauaren aurkezpenean.
Emakumeei jai-ekitaldietan eta jende pilaketetan gertatutako ziztaden kasuak ikusi ondoren, eta bereziki ostegunean, abuztuaren 4an, Zeledonen jaitsieran zehar gertatutako azken hiruak, kolektiboan horren inguruko kezkarik dagoen galdetu diotenean, Idoia Ugalde federazioko bozeraemaileak aitortu du "oso kezkatuta" daudela denak, eta adierazi du ziztadak "berriak" direla, "baina ez erasoak".
Ildo horretatik, aurreratu du federazioan aurreko edizioetan aktibatutako protokoloa "uda honetan antza denez modan jarri den eraso mota berri honetara" egokituko dutela aurten.
Ziztaden bidezko erasoen errealitatera eguneratutako protokolo honen berrikuntzak abuztuaren 16an ezagutuko dira, agerraldi espezifiko batean. Ugaldek gogorarazi du garrantzitsua dela "denok jakitea zer egin behar den lasai ibiltzeko eta jaiez gozatzeko beldurrik, paranoiarik eta erasotzailerik gabe".