Gizartea -

EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA

Emakumeei egindako ziztadak: zer dira eta zer eragin nahi dute

Herri eta hirietako festaguneetan azken asteotan izandako ziztada kasuek kezka eragin dute emakume gazteen artean, lehenaz gain. Ikertutako kasuetan behin ere ez da substantzia toxikorik atzeman biktimen odolean. Feminismoan aditu direnen ustez, "izu sexuala hedatzea" dute helburu.

Algortako festetan emakumeei egindako ziztadak salatzeko elkarretaratzea
Algortako festetan emakumeei egindako ziztadak salatzeko elkarretaratzea
Algortako festetan emakumeei egindako ziztadak salatzeko elkarretaratzea

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beldurra eragitea, alarma sortzea eta emakumeak jaigunean seguru ez sentitzea. Arrazoi horiek ikusten dituzte adituek azken asteotan batean eta bestean ugaritu diren ziztada kasuen atzean. Emakumeen kontrako indarkeriaren beste forma bat da, izua eragitea helburu duena. Festaguneetan ari dira gertatzen ziztada gehienak, eta orain arteko ikerketan arabera, biktimen odolean ez da sumisio kimikoa eragiten duten substantziarik atzeman.

Ziztadak zer diren eta erasotzaileek zer bilatzen duten argitze aldera, lau aditurengana jo dugu azalpen bila: Nerea Barjola politologoa eta Microfísica sexista del poder: El caso Alcásser y la construcción del terror sexual (Boterearen mikrofisika sexista: Alcasser auzia eta izu sexualaren eraikuntza) liburuaren egilea, Cesar San Juan EHUko Gizarte Psikologia Saileko irakasle eta kriminologian aditua, Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko burua eta Josu Bujanda Ertzaintzako burua. Bakoitzak beretik, gaiaren hainbat hari-mutur azaldu ditu, eta gako nagusiak plazaratu. Erasotzaileen helburua emakumeen artean "izu sexuala zabaltzea" dela uste dute.

Nerea Barjola: "Izu sexuala da ziztaden bidez inokulatzen dena"

Ekintzaren helburua gorabehera, ziztatzea bera emakumeen kontrako indarkeria mota bat da.

Ziztadak ez dira emakume jakin batzuk pairatu dituzten sexu-erasoak bakarrik. Ziztada horien bidez emakume guztiei igorri nahi zaien mezu argi bat dago. Emakume guztien eskubideak urratzen dira eraso hauen bidez; gaueko aisialdian aske ibiltzea eragozten zaie.

Izu sexuala da ziztaden bidez inokulatzen dena, eta hortik abiatuta, beldurra sartzen zaie emakume guztiei. Espazioa, ordutegia, desioa, plazera edota gozamena mugatu nahi zaie emakumeei ekintza hauen bidez. Gizonezkoak espazio publikoan baldintza hauetan egotea pentsaezina da. 

Zein da erasotzaileen helburua?

Helburua bat edo bestea izan, erasoen atzean indarkeria matxista eta sexuala dagoela ez dago zalantzarik. Emakumeen artean izua eta beldurra zabaltzea bilatzen dute ziztadek.

Eraso mota honen atzean antolatutako gizonezko talde bat dagoen zantzurik ba al dago?

Gizonak beti egon dira antolatuta, gizonen arteko ituna ez da berria, eta era askotara eta maila ezberdinetan dago indarrean, espazio guztietan. Ziztaden kasuan, agerikoa da antolaketa egon badagoela, emakume bat ziztatzeko edota hari droga motaren bat inokulatzeko, aurrez planifikatu egin behar baita. Indarkeria matxista eta sexuala gizartean onartuta dagoen praktika bat dela erakusten du honek. Erasotzaileek badakite zertan ari diren; aurrez ondo pentsatzen dituzte ekintzok, eta ondo planifikatu, prestatu eta egin egiten dituzte.

                                                     ____________________________

Felix Zubia: "Substantzia bat injektatzea prozesu konplexua da"

Posible al da ziztada azkar batekin substantzia bat injektatzea? 

Teknikoki begiratuta, ziztatzea eta substantzia bat injektatzea ez da prozesu erraza. Hau da, pertsona bat lokartu eta bere borondatearen kontra jartzea, horretarako farmako bat erabilita, lan oso konplexua da. Hori ondo egiteko, modu kontrolatuan egin behar da, eta ezagutza jakin bat izan behar da. Kalean pertsona bati ziztada bat ematea ez da prozesu sinplea: zer eman, nola eman... Gainera, farmako bat ematen denetik horrek eragina izaten duenera arte denbora bat behar da, minutu dezente. Horregatik, ziztatu eta alde egiteak harritu egiten nau, baldin eta helburua substantzia bat sartzea bada. Farmakologiaren ikuspuntutik, ez du heldulekurik jokatzeko modu honek.

Mendekotasun kimikoa eragiteko bide ezagunenak zeintzuk dira?

Farmakoak erabilita pertsona horren borondatea murriztea bilatzean datza sumisio kimikoa, berak nahi ez duen zerbait egin dezan. Horretarako farmako bereziak daude. Batetik, aho bidez ematen den substantzia dago, minutu batzuk behar izaten dira horrek efektua egiteko; hau izan ohi da edalontzietara botatzen dena, borondatea murrizteko. Eta bestetik, mendekotasuna lortzeko ziztada bidez sartzen diren substantziak daude. Horien efektua ere minutu batzuetara heltzen da; ez da berehalakoa.

Ziztaden arriskua zein da?

Ziztada batek eragin dezakeen minaz aparte, ziztada horrek bidean nerbioren bat edota arteriaren bat zulatzea oso arriskutsua izan daiteke. Dena dela, hori oso zaila da. Ziztada azkar batek ez du halakorik eragiten. Hori bai, kontu handiz zaindu behar da ziztada izan den eremua, gaiztotu ez dadin.

                                                      ____________________________

Cesar San Juan:  "Protagonismoa nahi dute erasotzaileek"

Zer bilatzen du erasotzaileak ziztadekin?

Orain arteko kasuak ikusita, garbi dago erasotzaileek protagonismoa bilatzen dutela. Badakite euren ekintzek hedabideetan oihartzuna izango dutela, eta, horretarako, izua eta beldurra zabaltzen dute. Alarma soziala eragin eta ekintza horren protagonista izan; hori da nahi dutena. Erasoen atzean, badirudi ez dagoela beste kriminalitate zantzurik. Emakumeak espazio publikoan, zehatzago, festagunean seguru ez sentiaraztea da ekintza.

Hedabideek nola jokatu behar dute?

Hedabideek erantzukizun handia dute, eta gertatzen ari dena ongi azaltzea ezinbestekoa da. Ziztadak zer diren eta mendekotasun kimikoa zer den azaldu behar da. Biktimak kasu horietan zer egin behar duen azaldu, baina alarmarik ez zabaldu. Ikertu diren kasu guztietan ez dela substantzia toxikorik atzeman argi eta garbi azaldu behar da. Noski, hedabideetan oihartzuna izateak kasuak areagotzea ekar dezake. Fenomeno bati arreta handia jartzen zaionean, albo ondorioetako bat hori izaten da.

Ziztaden ondorio penalak zeintzuk izan daitezke?

Eraso bat da, eta horrek ondorio penalak ditu, argi eta garbi. Erabili den orratza nolakoa den, infektatuta dagoen, substantziaren bat injektatu den… Hori guztia aztertu beharko da erasotzaileari zigor bat edo bestea ezartzeko.

                                                    ____________________________

Josu Bujanda: "Ez dugu asmo argirik ikusten eraso hauen atzean"

Ikerketek orain arte utzitako ondorio nagusiak zeintzuk dira? 

Orain arte ikertu ditugun ziztada kasuetan ez da substantzia toxikorik atzeman. Hala baieztatu digute Osakidetzatik igorritako analitikek. Ikerketa lerro guztiak ditugu zabalik, ez baitugu intentzionalitate argirik ikusten eraso hauen atzean. Hau da, kolektibo jakin baten kontrako erasoa bai, baina asmo nagusia zein den ez dakigu, alarma eta izua eragiteaz harago.

Zein da ziztatzeko erabiltzen den modua?

Kasu guztietan emakumea da biktima, emakume gaztea. Salaketetan jasotakoaren arabera, ziztada bat sentitzen dute eta ondoren zorabio moduko bat. Ziztatzeko zer erabiltzen den ez daukagu argi. Biktimek emandako pista apurrekin ari gara lanean.

Foruzaingoarekin, Jendarmeriarekin eta Kataluniako Esquadra Mossoekin ari gara lanean, koordinatuta, kasuen inguruko argibide bila. Orain arte, denok informazio beretsua dugu mahai gainean. Erasoen atzean ez da, orain arte, sexu-erasorik egon eta substantzia toxikorik atzeman.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aste Nagusia Donostiako Aste Nagusia Andre Maria Zuriaren Jaiak Bilbo Donostia Iruñea Indarkeria matxista Herriak eta Hiriak Baiona Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Jaiak Matxismoa