Gizartea -
Indarkeria matxista
Hiru emakumek ziztadak salatu dituzte Gasteizko eta Oiartzungo jaietan
Bi adingabek ziztadak salatu dituzte Andre Maria Zuriko jaien txupinazoan eta Zeledonen jaitsieran. Gainera, hirugarren emakume batek salaketa aurkeztu du Oiartzungo Xanisteban festetan.
EITB Media
Bi emakumek ziztadak salatu dituzte Andre Maria Zuriko jaien txupinazoan eta Zeledonen jaitsieran. Gainera, beste emakume batek salaketa aurkeztu du Oiartzungo (Gipuzkoa) Xanisteban festetan.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, azken kasu horretan ziztada abuztuaren 3ko goizaldean jaso zuen, baina emakumeak iragan ostegunean aurkeztu zuen salaketa Ertzaintzaren aurrean.
Zeledonen jaitsieran ziztadak sentitu zituzten bi adingabeei egindako analisietan ez dute substantziarik aurkitu.
Gasteizko Udaleko iturriek azaldu dutenez, hasiera batean hiru emakumek ziztadak jaso zituztela pentsatu arren, bi adingabek hiru ziztada nabaritu zituztela diote azken informazioek.
Txupinazoan jarritako osasun postu batera joan ziren adingabeak, eta bertan artatu zituzten. Ondoren, analisiak egin zizkioten, baina ez dute substantziarik topatu.
Adingabeek ez dute salaketarik aurkeztu, baina Ertzaintza osasun zerbitzuekin harremanetan egon da, gertatutakoaren xehetasunak ezagutzeko.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean, Gorka Urtaran alkateak esan du Zeledonen jaitsieraren ondotik larrialdi postuetara jo zuten emakumeez aparte, "printzipioz", sexu erasoen salaketarik ez dela egon.
Erasotzaileei zuzendu zaie segidan Urtaran: "Oso irmo erantzungo diegu jaiak izorratu nahi dizkiguten matxito predatzaile horiei".
Horren esanetan, "Europatik hedatzen ari den izurrite matxista horrek emakumeei askatasuna mugatu, mehatxu egin eta espazio publikoaz eta jaiez gozatzeko eskubidea murriztu nahi die. Onartezina da".
Era berean, adierazi du indarkeria matxista kasuak egon egon direla, baina "jai eremutik kanpo", izan ere, deitoratu duenez, "astebururo egoten dira halakoak".
Agintaritzari men ez egiteagatik atxiloketaren bat egon dela jakinarazi du, "baina txikikeriak, edozein asteburutan Gasteizen gerta daitezkeenak". Urtaranen arabera, "gaua nahiko lasaia izan da".