Gizartea -
Indarkeria matxista
Emakume batek Baionako jaietan bortxatu dutela salatu du
Bi gizon atxilotu zituzten sexu erasoarekin zerikusia zutelakoan, eta, fiskalak kartzelatzeko eskaera egin bazuen ere, biak aske uztea erabaki zuen epaileak. Ziztadak jasan zituzten 122 pertsonetatik 10ek erabaki dute salaketa jartzea.
EITB Media
Bortxaketa bat izan da Baionako festetan, Lapurdiko hiriburuko auzapezak, suprefetak eta fiskalak jaien balantzea egiteko prentsaurrekoan baieztatu dutenez. Hiru agintariek emandako datuen arabera, sexu erasoa ostegunetik ostiralera doan gauean jazo zen. Caroline Parizel prokuradoreordeak zehaztu dutenez, bi gizon atxilotu zituzten, eta, karguekin bada ere, aske utzi zituen epaileak (Fiskaltzak kartzelatzea eskatu zuen).
Gainerakoan, eta atzo suprefetak aurreratutakoari jarraiki, 122 lagunek salatu dituzte ziztadak, baina 17ri soilik egin dizkiete sumisio kimikoaren azterketak. Proben emaitzen zain, 10 emakumek erabaki dute salaketa judiziala jartzea. Philippe Le Moing-Surzur suprefetaren ustez, "dagoen psikosi giroa aintzat hartuta, ziztaden afera ez da aipatzen zena bezain handia izan".
Kopuru aldetik, bost egunetan milioi bat pasatxo pertsona ibili dira jaietan, eta, guztira, 592 polizia, jendarme eta militar egon dira segurtasuna bermatzen. Aurten, lehen aldiz, gidarien artean 15.000 alkoholemia test banatu dituzte, autoa hartu baino lehen egin zitzaten. Hiru agintarien hitzetan, oso esperientzia baliagarria izan da, eta datorren urtean gehiago banatuko dituztela iragarri dute.