Gizartea -
osasuna
Tximino-baztangaren aurkako txertaketaren inguruan jakin behar duzun guztia
Euskal Autonomia Erkidegoa hasia da tximino-baztangaren aurka txertatzen, eta 41 dosi jaso ditu. Biztanleriaren eta kasu kopuruaren arabera egingo da horien banaketa.
eitb media
Euskal Autonomia Erkidegoa tximino-baztangaren aurkako txertoa jartzen hasi da astelehen honetan eta 141 dosi ditu momentuz, Osakidetzak lurralde historikoka banatuko dituenak, biztanle kopuruaren arabera.
Hala, 80 dosi jaso ditu Bizkaiak (% 57), 46, Gipuzkoak (% 33) eta 14, Arabak (%10).
Jarraian, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jasotako gakoak eta txerto honen inguruko zalantza nagusiak birpasatuko ditugu.
• Ba al dago tximino-baztangaren aurkako txertorik?
Bai, badago gaixotasuna sortu ezin duen eta beste pertsona batzuei transmititu ezin dien birus aldatua duen txerto berri bat.
Tximino-baztangak eragindako infekzioa prebenitzeko Europako Batzordeak baimendutako txertoa IMVANEX da (IMVAMUNE edo JYNNEOS ere deitzen zaio).
Hornidura mugatuta dago gaur egun, baina datozen hilabeteetan gehiago edukitzea espero da. Hasieran, txertoaren dosi bat emango da, eta jarraibidea osatuko da nahikoa txerto eskura daudenean.
• Nola jaso daiteke txertoa?
Txertoen eskuragarritasuna mugatua den bitartean, Osakidetzatik hauta daitezkeen pertsonekin jarriko dira harremanetan txertaketa-kanpainan parte hartzera gonbidatzeko, osasun publikoko batzordeak onartutako irizpideei jarraituz.
• Zein dira erabiltzeko irizpideak?
- Esposizio aurrekoa, 18 eta 45 urte bitarteko pertsonentzat, honako irizpide hauek betetzen badituzte: arrisku handiko sexu-praktikak izatea.
- Gaixotasuna aldez aurretik eduki ez izana.
- Aurretik baztangaren aurkako txertorik jaso ez izana.
- Esposizio ostekoa (kontaktua izan eta ondorengo lehen 14 egunetan), gaixotasun larria izateko arrisku handia duen baieztatutako kasu baten kontaktu estuetara zuzendua: haurdun dauden emakumeak.
- Haurrak.
- Pertsona immunodeprimituak.
• Zer ondorio ditu txertoak?
Txertoa segurua da. Izan ditzakeen kontrako erreakzioak beste txerto batzuekin ematen direnen antzekoak dira; mina, gorritasuna injekzio-puntuan, buruko mina edo giharretako mina. Arinak eta iraupen laburrekoak dira.
Oraindik ez dago daturik txerto horrek oraingo agerraldian duen eraginkortasunari buruz.
Txerto horiek oraingo agerraldian dituzten onurak hobeto ulertzeko, gerta daitezkeen kontrako gertaerei buruzko segurtasun-datuak eta txertoak eskaintzen duen babes-maila ezagutzeko eraginkortasunari buruzko datuak bilduko dira.