Gizartea -

Ingurumena

Eusko Jaurlaritzak zentral eolikoentzako ingurumen-ebaluazioko prozedurak baliogabetu nahi dituela salatu dute

EAEn, Ingurumen Administrazioaren Legean, Tapia Legea delakoan, Jaurlaritzak egin asmo duen aldaketarekin haserre agertu da Arabako Mendiak Aske elkartea. Elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian, Gasteizen.

Arabako Mendiak Aske elkartearen elkarretartzea, artxiboko irudian. Argazkia: Arabako Mendiak Aske
Arabako Mendiak Aske elkartearen elkarretartzea, artxiboko irudian. Argazkia: Arabako Mendiak Aske
Arabako Mendiak Aske elkartearen elkarretartzea, artxiboko irudian. Argazkia: Arabako Mendiak Aske

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Mendiak Aske mendietan zentral eolikoak ezartzearen aurkako elkarteak deituta, Tapia Legea delakoaren kontrako elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Gasteizen, EAJren egoitzaren aurrean. Bertan bildutakoek, besteak beste, lehentasunezko izendatutako proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluaketetatik salbuetsi ahal izango dituela ohartarazi dute.

Mobilizazioaren deitzaileek haserre agertu dira Eusko Jaurlaritzak Ingurumen Administrazioaren Legean, Tapia Legea delakoan, egin asmo duen aldaketarekin. Izan ere, salatu dutenez, Jaurlaritzak are gehiago zabaldu nahi ditu ingurumen-eragina duten proiektuak ahalbidetzeko bere eskumenak.

Joan den abenduan onartu zuen Jaurlaritzak aipatutako legea eta, horren bitartez, lehentasunezkotzat dituen proiektuak baimentzeko eskumena du, udal edo kontzejuen araudia betetzen ez duten arren. Orain, baina, proiektuok ingurumenean eragin dezaketen kalteak neurtzeko egin beharreko ebaluaketa ezabatu nahi duela ohartarazi dute Arabako Mendiak Aske elkartekoek.

Elkarteak energia konpainiekin lerrokatzea leporatu dio Jaurlaritzari, lehentasunezko proiektu horietako gehienak planta energetiko berriztagarrietara bideratuta dauden arren, horiek eremu naturaletan eraikitzea ez delako egokia, ekintzaileen ustez.

Gainera, klima larrialdiari aurre egiteko, energia ereduak kontsumoan oinarritutakoa, jasangarria eta tokian-tokian kudeatutakoa izan behar duela diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal mendiak albisteak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gasteiz albisteak Eguneko albisteak Ekologia gaur Arabako Mendialdeko Kuadrilla gaur