Gizartea -
JAIAK
Donostiako Piratek aste osoko egitaraua berreskuratuko dute bi urteren ondoren
Abuztuaren 15ean izango da piraten "abordatzea". Aurten Bilgune Feministako kideak izango dira txupinazoaren arduradunak.
EITB MEDIA
Donostiako Piratek aste osoko egitaraua berreskuratuko dute bi urteren ondoren, "Biba festa! Biba eraldaketa!" lelopean.
Egunean zehar askotariko ekintzak eskainiko dituzte, hala nola herri bazkariak, jolasak, lehiaketak eta bertso saioak. Abuztuaren 15ean izango da piraten "abordatzea" hiriko badian, eta ostegunean haurrek ere pirata sentitzeko aukera izango dute.
Gauetan hainbat euskal talderen kontzertuak eskainiko dituzte, besteak beste Ezpalak, Dupla, Zea Mays eta Skakeitan.
Aurtengo txupinazoa Bilgune Feministako kideen esku egongo da bere borrokaren 20. urtean, hain zuzen ere. Halaber, piratek aurten Udalari eskatu diote hirian zehar zenbait erreferentzia gune martxan jartzea, eta horietan lehen arretan arituko diren profesionalak bermatzea. Udalak eskaera entzun, eta sexu erasoen artatze eta salaketa beharrei erantzungo die Bulebarreko informazio gunean.
Auzolana, elkarlana, feminismoa, ezberdinen arteko elkarrekintza eta elkarkidetasuna, kontzientzia ekologikoa, euskara eta euskal kulturaren defentsa aldarrikatzen dituzte piratek. Izan ere, horien hitzetan, "jai herrikoiak gizarte-premiei erantzuteko aparteko eskola bihurtzen dituzten balioak dira".