Gizartea -

150 egun

Pablo Gonzalezen senideek Pedro Sanchezi eskatu diote "haren alde egiteko" Poloniako Gobernuaren aurrean

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek bisita du Varsovian, Poloniako hiriburuan asteazken honetan; hain zuzen ere, 150 egun dira herrialde horretan behin-behineko espetxealdian eta bakartuta dagoenetik.

Oihana, Pablo Gonzalez kazetariaren bikotekidea: ''Pedro Sanchezi eskatzen diot Pabloren alde egin dezala''

1:42

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteazken honetan, hilak 27, 150 egun betetzen dira Pablo Gonzalez euskal kazetaria Polonian behin-behineko espetxealdian eta bakartuta dagoenetik. Horregatik, eta kontuan izanik Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak bisita duela Varsovian, hau da, Poloniako hiriburuan, kazetariaren senideek eta lagunek eskatu diote "haren alde egin dezala" poloniar lehen ministroaren aurrean.

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak ziurtatu duenez, Poloniako Justizia "errespetatzen" du, eta Espainiako Justizia modu berdinean errespetatzea eskatu du.

Pablo Gonzalezen senideek, lagunek eta lankideek oharra zabaldu dute. Bertan, gogora ekarri dute nola otsailaren 27an atxilotu zuten euskal kazetaria Polonian, Przemysl hirian, lanean zebilela; hain zuzen, Errusiaren inbasioagatik Ukrainatik ateratako errefuxiatuen gaineko albisteekin zebilen lanean.

"Behin-behineko espetxealdiko bost hilabete hauetan, euskal kazetariak ezin izan du harreman zuzenik izan familiarekin; horrez gain, ezin izan du Gonzalo Boye bere abokatuaren laguntza legala jaso", azaldu dute. Bartosz Rogala poloniar abokatuak ere ordezkatzen du, "eta horrek ere ez du askoz ere datu gehiagorik eman, debekatuta baitu horretaz hitz egitea"; hala salatu zuen duela aste batzuk Oihana Goirienak, kazetariaren bikotekidea bera, lagunek eta senideek diotenez.

Egun honetan bertan, nabarmendu dutenez, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Varsovian da, Espainiaren era Poloniaren arteko XIV. Goi Bileran parte hartuko baitu: "Goi-bilera Ukrainarekiko elkartasunak markatuko du, bai eta nola egingo dieten aurre Errusiako inbasioaren ondorio ekonomiko eta sozialei". Baliteke Sanchezek Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroarekin bilera izatea, "eta, horregatik, kazetariaren senideek eta lagunek berriro eskatzen diote Espainiako Gobernuari haren alde egin dezan, haren eskubideak errespetatzea helburu, gutxienez, familiarekin hitz egiteko aukera izan dezan".

Bikotekidearen bideoa

Testuinguru honetan, Oihana Goirienak, Gonzalezen bikotekideak, bideo baten bidez eskatu dio Sanchezi "mesedez, Pablo gogoan izan dezala. Pablo espainiar hiritarra da, eta Europar Batasuneko herrialde batean atxilotuta dago; haren senideekin hitz egiteko aukera kentzen ari zaizkio, eta, epe horretan, kontsularen lau bisita soilik jaso ditu. Konfiantzazko abokatuak, gainera, ezin du jakin zer leporatzen dioten". "Nahi diot Sanchezi eskatu", jarraitzen du Goirienak, "Pabloren alde egin dezala Poloniako lehen ministroaren aurrean, defentsa eta epaiketa zuzenak izan ditzan, eta, bereziki, haren eskubideak errespeta ditzaten. Senideok berarekin hitz egiteko aukera izan dezagula, eta zuzenean jakin dezagula ondo dagoela, haren seme-alabek aita entzuteko aukera izan dezatela, eta Pablok jakin dezala maite eta faltan botatzen dugun pertsona guztion babesa duela".

Oihana, Pablo Gonzalez kazetariaren bikotekidea: ''Pedro Sanchezi eskatzen diot Pabloren alde egin dezala''
Oihana, Pablo Gonzalez kazetariaren bikotekidea: ''Pedro Sanchezi eskatzen diot Pabloren alde egin dezala''
Oihana, Pablo Gonzalez kazetariaren bikotekidea: ''Pedro Sanchezi eskatzen diot Pabloren alde egin dezala''

1:42

Ildo horretan, @FreePabloGonz plataformak (kazetarien hainbat lagun eta lankide daude bertan) iragarri du kanpaina gauzatuko duela sare sozialetan, #SánchezAcuérdateDePablo traolarekin, Goirienaren bideoarekin batera; horren helburua da eskaera espainiar presidenteak jasotzea: "Atxilotu zutenetik, isiltasuna da nagusi; halere, zenbait erakundek, giza eskubideen aldeko elkartek, alderdi politikok eta lankidek salatu egin dute Pabloren egoera; izan ere, bakartuta dago, eta Konstituzioak ezarritako hainbat eskubide urratzen dizkiote, behin eta berriz", azaltzen du oharrak.

Nabarmendu dutenez, aurreko astean, Bizkaiko Batzar Nagusiek adierazpen instituzionala onartu zuten, eta kazetaria pairatzen ari den "gehiegizko" espetxealdia salatu zuten. "Sare sozialen bidez ere ari dira asko haren egoera salatzen, eta change.org plataforman abiatutako sinadura bilketak ia 42.000 babes ditu jada", adierazi dute.

Bost hilabete hauetan, albiste oso gutxi iritsi dira euskal kazetariaren gainean: "Maiatzean jakin genuen Fiskaltzaren erabakia zela behin-behineko espetxealdia hiru hilabetez luzatzea, abuztuaren amaierara arte; orduan, berriro ere berrikusi eta erabakiko dute ea behin-behineko espetxealdia beste hiru hilabetez luzatuko dioten".

Senideek komunikazio bakarra izan dute kazetariarekin, Rogalak emandako albisteez eta kontsularen bisitez gain, alegia, Gonzalezek familiari eta lagunei bidalitako gutunak. Hori bai, atzerapen handiarekin jaso dituzte. "Horietan guztietan ikusgai dago ondo dagoela animoari dagokionez, eta umoretsu, baina dio 20 kilo galdu dituela, urduritasunagatik eta baldintzengatik. Irakurriz eta ariketa pixka bat eginez saiatzen da denbora pasatzen, baina egunak oso luzeak egiten zaizkio".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak 2024 Ukraina azken orduko Errusia Gizartea Albisteak Gaur Albisteak Errusia-Ukraina gerra Polonia azken ordukoa