Gizartea -
Euri eskasiagatik
Ur Partzuergoa ura Bermeoraino itsasontziz eramatea aztertzen ari da Busturialdeko ur hornidura bermatzeko
Aukera hori "aztertzen" ari dira uneotan. Pedro Barreiro Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko arduradunak gogorarazi duenez, 2003az geroztik izandako urterik lehorrena bizi dugu, hortaz, "ura zentzuz erabiltzea" gomendatu die herritarrei.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Pedro Barreiro Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko arduradunak adierazi duenez, Bermeoraino ura itsasontziz eramatea aztertzen ari dira, Busturialdeko ur-hornidura bermatzeko helburuz, eta litekeena da "martxan jartzea ere".
Azken asteetako prezipitazio eskasia eta eskualde batzuetan izandako ur falta dela eta, Busturialdean behar-beharrezkoa ez zen ur-kontsumoa murrizteko eskatu zuen duela egun batzuk Ur Partzuergoak.
Horren harira Barreirok esan duenez, "aurreko urteetako antzeko egoera bizi dugu, eta horrek alerta egoerak eragiten ditu". Horren aurrean, "ura zentzuz erabiltzea" gomendatu die herritarrei. Izan ere, gogorarazi duenez, 2003az geroztik izandako urterik lehorrena bizi dugu.
Bilbotik Bermeoko porturaino itsasontziz ura eramatea neurri berria litzateke gurean, baina "oso ohikoa da beste leku askotan", Ur Partzuergoko kudeatzaile nagusiaren hitzetan.