Gizartea -
Gipuzkoa
Donostiako istripu hilgarria eragin eta ondoren ihes egindako gidaria atxilotu dute
Ostiralean izandako ezbehar horretan, 66 urteko motorzale bat hil zen. Istripuaren ustezko egilea 27 urteko gazte bat da, ez du gidabaimenik, eta, atxilotu zutenean, drogen eta alkoholaren eraginpean gidatzen ari zen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiako Saihesbidean ostiral honetan izandako auto istripuaren ustezko egilea atxilotu du Ertzaintzak. Ezbehar horretan, 66 urteko motorzale bat hil zen. Istripuaren ustezko egilea 27 urteko gazte bat da, ez du gidabaimenik, eta, atxilotu zutenean, drogen eta alkoholaren eraginpean gidatzen ari zen.
Segurtasun Sailak gogorarazi duenez, istripua ostiral honetako 09:15ak aldera jazo zen, GI-20 errepidean, Polloeko tunelaren eta Amarako sarreraren arteko tartean. Gehiegizko abiaduran zihoan furgoneta batek motor baten aurka talka egin zuen. Horren ondorioz, motorra errepidetik atera zen, eta hesiaren kontra jo zuen.
Ezbeharraren lekuko izandako hainbat gidarik biktimari laguntza eskaini zioten baina handik gutxira hil zen ospitalean. Gainera, ihes egindakoaren furgonetaren berri eman zioten Ertzaintzari.
Orduan, ikerketa abiatu du Euskal Poliziak, eta istripuarekin lotutako furgoneta aurkitu du larunbat honetan Errenterian. Jarraipena egin diote eta sigi-sagaka zebilela ikusita, trafiko arauak hautsiz, autoa gelditu dute Loiolako Erriberak parean. Gidaria 27 urteko gazte bat da, gidabaimenik gabe zihoan, eta positibo eman du alkoholean eta drogetan.
Ertzaintzak gaztea atxilotu egin du hainbat delitu egotzita: zuhurtziagabetasun handiak eragindako hilketa, alkohola eta drogen menpe gidatzea, istripuaren lekutik ihes egitea eta gidabaimenik gabe gidatzea. Polizia-izapideak amaituta, epailearen esku utziko dute atxilotua.