Gizartea -
Eginon
Mendizale bat erreskatatu dute Lezeako kobazuloan, Araban, sorbaldan zaurituta
Txirristetako batetik jaistean, 36 urteko gizonezkoak min hartu du sorbaldan, eta, ondorioz, ezin izan du arroilan rappel egiten jarraitu. Erreskate-lanak hainbat orduz luzatu dira, eta zauritua Txagorritxu Ospitalera eraman dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
36 urteko mendizale bat erreskatatu behar izan dute larunbat arratsalde honetan Lezeako kobazuloan, Eginon (Araba), arroila-jaitsiera egiten ari zela sorbaldan min hartu duelako.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Altzaniako Mendatean kokatutako Lezeako kobazuloaren barruan zauritutako pertsona baten berri jaso du 14:30ak aldera SOS Deiak-ek. Dirudienez, txirristetako batetik jaistean, min hartu du sorbaldan eta, ondorioz, ezin izan du arroilan rappel egiten jarraitu.
Ertzaintzako Mendi Erreskaterako Taldea eta suhiltzaileak bertaratu dira, eta orduz luzatu dira erreskate-lanak, tirolina bat prestatu behar izan dutelako. Behin biktima bertatik aterata, anbulantziaz eraman dute Txagorritxu Ospitalera.