Gizartea -

TXIMINO-BAZTANGA

Munduko Osasun Erakundeak nazioarteko larrialdia ezarri du tximino-baztanga agerraldiaren ondorioz

75 herrialdetan 16.000 kasu inguru atzeman dituzte (horietako bost, hilgarriak). Tximino-baztangaren kutsatze-arrisku maila "handia" da Europan.

Laborategiko langileak, laginak aztertzen. Argazkia: EFE
Laborategiko langileak, laginak aztertzen. Argazkia: EFE
Nazioarteko larrialdia ezarri du MOEk tximino-baztangaren hedapen azkarragatik: 16.000 kasu 75 herrialdetan

01:26

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduko Osasun Erakundeak (MOE) nazioarteko larrialdia ezarri du larunbat honetan tximino-baztanga agerraldiaren ondorioz, 75 herrialdetan 16.000 kasu inguru (horietako bost hilgarriak) atzeman ostean, horietako asko Europan, non gaixotasuna ez den endemikoa.

Tedros Adhanom Ghebreyesus MOEko zuzendari nagusiak eman du erabakiaren berri prentsaurreko batean, gaixotasun horretan adituak dituen larrialdi-batzorde bat balizko adierazpena aztertzeko bildu eta bi egunera, eta horrek osasun-sare nazionalak prebentzio-neurriak handitzera behartuko ditu.

Ekainean izandako bileran nazioarteko larrialdi ez ezartzea erabaki zuen batzordeak (orduan, 3.000 kasu inguru ziren) eta, Tedrosek adierazi duenez, oraingoan ere ez da erabateko adostasuna izan adituen artean, baina zuzendari nagusiak nazioarteko larrialdi ezartzea erabaki du azkenik mundu mailan izandako kasu kopuru handiagatik.

Kutsatze-arrisku maila "handia" Europan

Tedrosek ohartarazi duenez, "aurretik tximino-baztanga kasurik izan ez duten herrialdeetan ari da zabaltzen gaitza". Hori dela eta, tximino-baztangaren kutsatze-arrisku maila "handia" da Europan (kasuen % 80 hemen izan baitira), eta "maila ertainekoa" gainerako eskualdeetan, Afrikan barne, duela hamarkada batzuk gaixotasuna endemikoa baita.

Mundu mailako alerta gorabehera, "gizonezkoen edota bikotekide anitzen arteko sexu-harremanak izaten dituztenen artean" dira bereziki agerraldiak, hori dela eta, gaitzaren gainean informatzeko eskatu die. Kaltetuen duintasuna eta giza-eskubideak babesteko neurriak hartzera deitu du Tedrosek, "estigma eta bazterkeria birusak bezain arriskutsuak baitira".  

Munduko Osasun Erakundeak zazpigarrenez ezarri du nazioarteko larrialdia: 2009an A gripearekin, 2014an eta 2018an ebolarekin, 2014an polioarekin, 2017an zika birusarekin eta 2020an covidarekin (azken hori oraindik indarrean dagoela).  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak albisteak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Munduko Osasun Erakundearen albisteak