Gizartea -
Ezbeharra Gipuzkoan
Motorzale bat hil da Donostian, eta istripuan inplikatutako furgonetak ihes egin du
Ezbeharra 09:15 aldera gertatu da GI-20 errepidean, Polloeko tunelaren eta Amarako sarreraren arteko tartean. Ertzaintzak herritarren laguntza eskatu du, istripua argitzeko.
EITB Media
66 urteko motor-gidari bat hil da ostiral honetan, Donostian, Ertzaintzak ohar batean jakitera eman duenez.
Ertzaintzaren Gipuzkoako Trafiko Unitateak herritarren laguntza eskatu du, ezbeharra argitzeko.
Istripua 09:15 aldera gertatu da GI-20 errepidean, Polloeko tunelaren eta Amarako sarreraren arteko tartean. Hori koloreko Renault Kangoo furgoneta batek eta Kymco motorrak talka egin dute.
Anbulantzia batek motozalea Donostia Ospitalera eraman du, baina handik gutxira hil egin da.
Istripuaren inguruko informazio baliagarria duten pertsonak Ertzaintzaren 943 53 91 19 telefonora deitu dezakete.