Gizartea -
Sanferminak
Curia kalean udaltzainari eraso egitea egotzita espetxeratutako gizona, fidantzapean aske
Akusatuaren kolpea jaso baino lehen, udaltzainak emandako ukabilkadaren inguruan epaileak esan duenez, "ustezko zartakoak inor jo ote zuen ez dago argi, ezta testuingurua ere".
EiTB Media
Iruñeko instrukzioko epaitegiak 6.000 euroko fidantzapean aske utzi du uztailaren 7an, Curia kalean, San Fermin prozesioaren amaieran, udaltzain bati eraso egitea egotzita espetxeratutako gizona.
Epaile berdinak kartzelara bidali zuen, fidantzarik gabe, uztailaren 12an. Gizonak helegitea aurkeztu zuen, eta epaileak orain partzialki onartu du. Azken egunetan, zenbait komunikabidek bideo bat argitaratu dute, non udaltzainak ukabilkada bat ematen duen kolpea jaso baino lehen.
Ebazpenean, orain arte ikerketak delitu zantzuak azaldu dituela dio epaileak. Konkretuki, gertakarien grabazio eta irudiak; eta udaltzain, Udalbatzako kide eta bi lekukoren deklarazioak zerrendatu ditu epaileak.
Akusatuaren kolpea jaso baino lehen, udaltzainak emandako ukabilkadaren inguruan, epaileak esan duenez, "ustezko zartakoak inor jo ote zuen ez dago argi, ezta testuingurua ere". Gainera, ez zuen akusatua jo, "zauririk ez zuelako, eta ez duelako horri buruz ezer adierazi", erantsi duenez.
Era berean, ustezko kolpearen inguruan inongo salaketarik ez dela aurkeztu zehaztu du. Hala eta guztiz ere, epaileak uste du gertakariak auzipetuaren aurkako "delitu zantzuak indargabetzen ez" dituela.
Epailearen hitzetan, desordena publikoak eta Udalbatzaren aurkako erasoa leporatzeko bidea ematen du ikerbideak orain arte.
Gainera, nabarmendu duenez, "erasoaren atzean egon daitekeen motibazioa kontuan izan behar da, entzun ziren oihu eta leloengatik"; ondorioz, gorroto delitua edo gorroto larrigarria izan daitekeelako.
Azkenik, epaileak adierazi du ustez udaltzaina kolpatu eta sudurra hautsi zionez, lesio delitu bat egotzi diezaioketela.
Hala ere, igarotako denbora eta festak amaitu direla kontuan hartuta, "delitua errepikatzeko arriskua murriztu da", eta akusatua "kautelazko neurri arinagoekin" justiziaren aurrera eramatea bermatu daiteke; horregatik, 6.000 euroko fidantza ezarri dio.
Era berean, akusatuak pasaportea entregatu beharko du instrukzioko epaitegian, eta Espainiako Estatutik ateratzea debekatu diote.