Gizartea -

Bero bolada

Tenperaturak 11 °C jaitsi dira hamar minutuan Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean

Arratsaldeko lehen orduan enbata sartu da kostaldean, eta tenperaturak nabarmen jaitsi dira minutu gutxitan. Asteartean, suteengatik ezarritako abisuak egongo dira indarrean Euskal Autonomia Erkidegoan, eta beroagatik, Nafarroan.

Galerna, Zurriolako hondartzan, Donostian. Argazkia: EFE
Galerna, Zurriolako hondartzan, Donostian. Argazkia: EFE
Enbata iritsi da, eta tenperaturak 11 ºC jaitsi dira 10 minutuan

0:32

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zazpi egun izan dira —beroagatik ezarritako lehen abisuak gaur zortzikoak izan ziren— tenperatura maximoetan marka guztiak hautsita eta sargoria denon ahotan zegoela, baina amaitu da ia, behintzat, Bizkaian eta Gipuzkoan. Arratsaldeko lehen orduan, enbata sartu da Bizkaiko kostaldean, haizeak ipar-mendebaldera egin du eta tenperaturak 11 °C jaitsi dira hamar bat minutuan. Aldaketa laster zabaldu da Gipuzkoako kostaldera ere.

Gaurko egunaz harago, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ez du muturreko tenperatura altuengatik abisu gehiago ezarri. Nafarroan, aldiz, beroagatik abisu horia izango dute bihar, eta, Erriberan, alerta laranjara igoko dute. 

Enbata eguerdian sartu da Bizkaian, eta arratsaldean Gipuzkoan; tenperaturek 10-15 gradu behera egin dute
Enbata eguerdian sartu da Bizkaian, eta arratsaldean Gipuzkoan; tenperaturek 10-15 gradu behera egin dute
Enbata eguerdian sartu da Bizkaian, eta arratsaldean Gipuzkoan; tenperaturek 10-15 gradu behera egin dute

03:12

Ordura arte, bero goria izan dugu nagusi. Hego osagaiko haizea zakar ibili da eta sargori sentsazioa areagotu du. Iragarpen hori oinarri, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alarma gorria ezarri du Araban eta Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean muturreko tenperatura altuengatik (40 ºC-ak gainditu dira). Aemetek, aldiz, Baztanen (Nafarroako Kantauri isurialdean) aktibatu du alerta maila goren hori (21:00ak arte).

Gainerakoan, alerta laranja egongo da indarrean, eta 35 ºC-tik gorako maximoak iragarri dituzte Foru Erkidegoan (erdialdean, Erriberan eta Pirinioetan), kostaldean eta Ipar Euskal Herriko barnealdean. 

Beroak eta hego haizeak batuta, baso suteak egoteko arriskuak goia joko du. Hori horrela, alarma gorria egongo da indarrean Ebro ondoko eskualdean (Arabako Errioxa) eta Trantsizio Zonan (Araba erdialdea) eta alerta laranja, Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean. 

Beroak errekorrak hautsi ditu astelehen honetan: 43,5 gradu Laudion, eta 42,9 Amurrion eta Arrasaten
Beroak errekorrak hautsi ditu astelehen honetan: 43,5 gradu Laudion, eta 42,9 Amurrion eta Arrasaten
Beroak errekorrak hautsi ditu astelehen honetan: 43,5 gradu Laudion, eta 42,9 Amurrion eta Arrasaten

02:37

Gau tropikala

Bestalde, begiak biltzeko lanak izan dituzte gaur euskal herritarrek bart. Gau epela izan da, tropikala, eta, txoko askotan, termometroak ez dira 25 ºC-tik jaitsi, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak bildutako datuen arabera. 

02:30 zirenean, Urduñako estazioan (Bizkaia barnealdea), 31,2 ºC-ko tenperatura izan dute, eta gradu bat gutxiago (30,4 ºC), Matxitxakon (Bizkaiko kostaldean). Ilarduian (Araba) eta Zorrotzan (Bizkaia) ere 25 ºC-tik gora egon dira minimo horiek: 29,7 eta 28,4 gradu, hurrenez hurren. Gipuzkoan, Miramongo estazioan, langa horretatik behera kokatzea lortu dute: 22,4 ºC.

Nafarroan, bihar ere bero

Asteartean, termometroek behera egiten jarraituko dute, Kantauri isurialdean bereziki. Kostaldean 26-28 ºC-ren bueltan geldituko dira maximoak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean, tenperatura beroenak 35 ºC ingurukoak izango dira. Ingurumari honetan, ez dute EAEn beroaren ondoriozko abisurik ezarri, bai, ordea, sute arriskuagatikoa. Alerta laranja egongo da ia Araba osoan, eta abisu horia, Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean. 

Hegoaldean, bereziki Nafarroan, bero egingo du oraindik. Hala, Erribera alerta laranjapean egongo da, 41 ºC-ko maximoak espero baitira. Erkidegoaren erdialdean eta Pirinioetan abisu horia izango da indarrean muturreko tenperatura altuagatik. 

Asteazkenerako, tenperatura jaistea espero da berriro, eta beherakada hori lurraldearen hegoaldera eta Ebro ibarrera ere iritsiko da bero egiten jarraituko badu ere. Maximoak 28 ºC ingurukoak izango dira barnealdean, eta 23-25 ºC-ren bueltan geldituko dira kostaldean. Iparraldeko haizea gailenduko da eta behe-hodeien tarteak izango dira, bereziki goizean eta ipar partean, eta zirimiri apur bat egin dezake.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Iparraldea Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Suteak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Baztan Bero-boladak