Gizartea -
Alerta, beroagatik
360 lagun hil dira Estatu espainiarrean bero-boladaren ondorioz sei egunetan, 123 ostiral honetan
Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioak emandako datuak dira. Heriotzak uztailaren 10etik 15erako tartean izan dira. Madrilen, kale-garbitzaile bat hil da, bero-kolpe bat pairatuta.
EITB MEDIA
Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioaren mendekoa del Carlos III.a Osasun Institutuaren arabera, 360 lagun hil dira espainiar Estatuan beroagatik bero-boladako lehen sei egunetan, hau da, uztailaren 10etik hilaren 15era arteko tartean. Hain zuzen ere, tenperatura handiegiek eragindako eguneroko heriotza-tasaren estatistikak jasotako azken datuak zehazten duenez, ostiralean, alegia, uztailaren 15ean, heriotza-kopururik handiena jaso zuten: 123 heriotza. Bitartean, Madrilen, kale-garbitzaile bat zendu da, ostiralean bero-kolpea pairatuta.
Egunez egun, bero-boladako lehen egunean, hilaren 10ean, 15 lagun hil ziren Estatuan bero-boladarekin lotuta. Handik aurrera, datuak gora eta gora egin du; izan ere, biharamunean, hilaren 11n, astelehenean, 28 lagun zendu ziren tenperatura altuengatik, asteartean 41, eta asteazkenean, aldiz, 60.
Osteguna eta ostirala izan dira bero-boladako egunik txarrenak; Tajo, Guadiana edo Guadalquivir bailaretan, udalerri batzuetan, 44-45 gradu izan zituzten. Ostegunean, 93 pertsona hil ziren beroagatik, eta ostiralean, berriz, 123.
Kale-garbitzaile bat zendu da Madrilen
Madrilen, larunbateko goizaldean, kale-garbitzaile bat hil da, 60 urtekoa bera, Vallecasen, bero-kolpea pairatuta. Abisua jasota, Larrialdietako zerbitzuek gizona konorterik gabe zegoela topatu zuten gizona; gorputz-tenperatura 41,6 gradukoa zuen.
Gertaturikoaren ondorioz, Madrilgo Udalak iragarri du udal-langileek, larunbatetik aurrera, ordutegia malgutzeko aukera izango dutela, eguneko ordurik beroenak saiheste aldera. Hala, 14:00etatik 21:00etara arteko txanda dutenek, nahi izanez gero, 17:00etatik 00:00etara arteko txandan egin ahalko dute.
Borja Carabante Ingurumen eta Mugikortasun udal-ordezkariak ziurtatu duenez, ekainean hasi ziren neurriak hartzen beroaren ondorioak arintzeko asmoz. Carolina Alonsok, Unidas Podemosek Madrilgo Asanbladan duen bozeramailea bera, eskatu du ikerketa abiatzea, argitzeko tenperatura altuek eragindako lan-arriskuen aurkako prebentziozko protokoloak bete dituzten.
Hainbat sute, espainiar Estatuan
Bero-boladaren beste ondorioetako bat baso-suteak dira. Hainbat daude espainiar Estatuan larunbat honetan, kontrolik gabe. Malagako Mijas mendilerroan, esaterako, eta Caceresko Monfrague Parke Nazionalean, sute bana piztu da; Extremaduran, Gaztela eta Leonen, Andaluzian eta Galizian zenbait udalerri hustu behar izan dituzte.
Malagako Mijas mendilerroan eta Cacereseko Alhaurin el Grande eta Alhaurin de la Torre udalerrietan ostiralean piztu zen sutea 1.890 hektareari eragin die, eta 2.765 lagun etxetik atera behar izan dituzte, horregatik. Hasiera batean, 3065 pertsona atera zituzten etxetik, baina 300ek jada bueltatu ahalko dute.
Caceresen Casas de Miraveteko suteagatik, zaila izan da gaua; izan ere, Extremadurako autobidea bi noranzkoetan itxi behar izan dute, bai eta N-V zaharra ere; Romangordo eta Higuera de Albalat udalerriak hustu behar izan dituzte. Sutearen bilakaera ez da ona; larunbat goizean, Monfragueko Parke Nazionala babesten saiatu dira, bereziki.
Las Hurdeseko suteari dagokionez, ostiraletik larunbaterako gaua lasaia izan da, eta goizean Ladrillar bailaran eta Aceitunilla eremuan batez ere izan dira lanean.
Gaztela eta Leonen, suhiltzaileak zazpi baso-suterekin izan dira lanean goizean goizetik; bereziki, lau dira kezkagarriak: bi Zamoran (Figueruela de Arriban eta Roelos de Sayagon), beste bat Salamancan (Monsagron), eta beste bat Segovian (Navafrian).
Galizian, hamahiru sute piztu dira, eta 4.300 hektarea erre dituzte; horietako hiru dira kezkagarrienak, Lugo probintzian hirurak, herrigune batzuk arriskuan jartzen ari direlako.
Montieleko (Ciudad Real) eta Matarrubiako (Guadalajara) suteak ostiralean piztu ziren, eta kontrolatu ezinik dabiltza; lehenengoa 1. mailan dago (eskala 1etik 3rakoa da, eta azken hori da maila larriena), errepide bat itxi behar izan dutelako, horren eraginez.