Gizartea -

Sanferminak

Enrique Mayak "zoragarritzat" jo ditu sanferminak

Sexu-erasoengatik eta Curia kaleko istiluengatik lausotuta egon arren, Iruñeko alkateak "arrakastazko" balantzea egin du, eta festan parte hartzen duten udal arlo guztiek dena normaltasunez igaro zedin egindako ahalegina eskertu du.

Dibertsioa Iruñean, sanferminetan. EFE
Dibertsioa Iruñean, sanferminetan. EFE
Dibertsioa Iruñean, sanferminetan. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enrique Maya Iruñeko alkateak 2022ko Sanferminak "arrakastatsuak" izan direla esan du gaur "arrakastatsuak parte-hartzean, giroan, jendearen jarreran, udal kontzertu eta agertokietan, entzierroetan, eta segurtasunean". Alkatearen ustez, "ez litzateke bidezkoa izango festan parte hartzen izan duten udal eremu guztietatik egin den ahalegin handia ez aitortzea, lan handia eta ona egin delako dena normaltasunez eta arrakastaz igaro zedin".

Mayaren arabera, Sanferminak "alaitasunez, giro bikainez eta hiriaren irudi ikusgarriz" bizi izan dira. Adierazi duenez, "jaiaren protagonista nagusia herritarrak dira, festaz gozatzen duten pertsonak eta festa egiten dutenak ere bai. Pandemiaren ostean San Ferminak berreskuratu nahi genituen eta, une berezi horrek eskatzen zuenari erantzun dio hiriak", alkatearen arabera. 

Mayak aurkeztutako datuen arabera, Sanferminetako 532 ekitaldietan 1,7 milioi pertsona baino gehiago bildu dira, 2019ko Sanferminetan baino % 20 gehiago. Gainera, proiektu pilotu bati esker, jakin ahal izan da  Iruñetik kanpoko tokietatik etorritako 430.000 pertsona izan direla hirian jaiez gozatzen, batez ere bisitari euskal herritarrak, espainiarrak, frantziarrak eta amerikarrak, nahiz eta bisitari britainiarren eta australiarren kopuruak behera egin duen.

Bestetik, 1.200 tona zabor bildu dira, 2019an baino % 7 gehiago. Alkateak garbiketa zerbitzuek egindako lana nabarmendu du, baina usainak murriztea hobetu beharreko kontua dela aitortu du. 

Programaren berrikuntzei dagokienez, Enrique Mayak adierazi duenez Gazteluko Plazako espazioa, DJen musika eta barrei esker festaren puntu neuralgiko bihurtua, "sekulako asmamena" izan da, "aitzakiarik gabekoa". "Udalaren apustu berritzailea izan da, eta oso erantzun ona izan du, batez ere, gazteenen artean. Egunero batez beste 30.000 pertsonak baino gehiagok gozatu dute agertokiez", nabarmendu du, eta gaineratu du hurrengo urteetan errepikatzea dela asmoa.

Foruen plazako kontzertuak ere "oso arrakastatsuak" izan dira, Mayaren hitzetan, Lola Indigoren, La Oreja de Van Goghen eta Camelaren kontzertuetan, esaterako, 20.000 bat lagun bildu direla azaldu du.

Erasoak, gertakariak eta segurtasuna

Festen alde gozoa nabarmendu ondoren, aurtengo sanferminek utzitako eraso matxistak gaitzetsi ditu gogora Mayak. Orotara, 16 salaketa jarri dira, horietako bat, bortxaketagatik, eta 13 erasotzaile indentifikatu eta atxilotu dira.  Azken puntu horretan jarri du azpimarra alkateak: "Legea urratzen dutenak atxilotzeko baliabideak ditugu hemen".

Hala, segurtasunari dagokionez, Iruñea "hiri eredugarria" dela adierazi du, eta segurtasun-indar ezberdinen artean egon den elkarlana txalotu du. 2.700 polizia aritu dira lanean Nafarroako hiriburuan.

Halaber, San Fermin eguneko prozesioan, Curia kalean, izandako istiluak ere aipatu ditu gaurko agerraldian Mayak, "eraso faxista" bat izan zela berretsiz. "Gure ustez, antolatutako eraso bat izan zen, zerbait gertatzen ari zela somatzen zen giroan; irainak eta presioa sentitzen genituen gure taldearen kontra", adierazi du.

Gertakariotan zauritu zen udaltzainari bere babesa azaldu ondoren, poliziak egun horretan izandako jarrera argitzeko Udalak barne-ikerketarik ez duela irekiko argi utzi du. "Epaitegien esku dago guztia eta epaileak erabakiko du", zehaztu du.

Halakorik berriro gerta ez dadin, datozen sanferminetara begira neurriak hartu beharko direla ere esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Enrique Maya Sanferminak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak Iruñeko Udala