Gizartea -
Sua Araban
Araban piztutako bost sute, kontrolpean
Dirudienez, traktore batek su hartu du Argandoñan, eta horrek eragin du sutea. A-132 errepidea itxi behar izan dute, eta Andolluko bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte badaezpadako neurri gisa.
EiTB Media
Suhiltzaileek eta larrialdi zerbitzuek Araban, arratsaldean, piztu diren bost suteak kontrolpean dituzte dagoeneko, baina lanean jarraitzen dute sua guztiz itzaltzeko.
Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak Ertzaintzaren ekitaldi batean, Bilbon, parte hartu ondoren ziurtatu duenez, suteak eguerdian piztu dira.
Erkorekaren ahotan, suteetako batzuk nekazaritza makineriaren funtzionamenduak eragin ditu, aste hasieran lurralde historiko berdinean piztutakoak bezalaxe.
Horrela, sute bat piztu da 15:00ak aldera Argandoñan (Araba), eta A-132 errepidea itxi behar izan dute, Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez. Errepidea berriro zabaldu dute dagoeneko.
Sua kontrolatzea lortu dute jadanik, Gasteizko suhiltzaileek Twitter sare sozialean jakinarazi dutenez.
Dirudienez, traktore batek su hartu du, eta horrek eragin du sutea. Andolluko bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte badaezpadako neurri gisa, sugarrek indarra hartu dutelako.
Bestalde, Erriberagoitian ere 15:00ak aldera piztu da sua, eta suhiltzaileak sutea kontrolatu dute dagoeneko.
Araba alerta laranjan dago gaur tenperatura altuengatik eta sute arriskuagatik. Gainera, Eusko Jaurlaritzak basoko sute arriskuagatiko larrialdi plan berezia jarriko du martxan ostiral honetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hortaz, hainbat murrizketa eta debeku ezarriko dituzte, batez ere nekazaritza-eremuetan.