Gizartea -

EGURALDIA

Bero sapak ez du etenik, eta alerta laranja ezarri dute biharko

Ondorengo egunetan, beroa erruz egingo du Euskal Herrian, eta, sute-arriskuen aurrean, sua edo txinpartak piztu ditzakeen edozerri buruzko prebentzio neurriak hartzea gomendatu dute Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, baita zaurgarrienak berotik babestekoak ere.

Emakume bat itzalpean. Artxiboko irudia EFE
Emakume bat itzalpean. Artxiboko irudia EFE
Emakume bat itzalpean. Artxiboko irudia EFE

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bero egingo du erruz gaur ere Euskal Herrian. Bizkaia eta Gipuzkoako barnealdean 35 gradu inguruko tenperaturak izango dira, hortik gorakoak Araban. Kostaldean, baina, zertxobait apalagoak izango dira tenperaturak, brisa ibiliko baita. Nafarroako zenbait txokotan, bestalde, 40 graduak gaindituko dira, batez ere hegoaldean.

Gauzak horrela, alerta laranjan daude Araba ia osoa eta Foru Erkidegoaren hegoaldea, Erribera ingurua, muturreko tenperaturak medio, eta Bizkaia eta Gipuzkoa barrualdea, berriz, alerta horian. Aurreikuspenaren arabera, gauean ere ez du askorik freskatuko.

Sua edo txinpartak piztu ditzakeen edozerri buruzko prebentzio neurrien garrantzia azpimarratu dute erakundeek beste behin, baita norbera eta inguruko ahulenak berotik babestekoak ere, eta baso-suteen Larrialdi Plana aktibatu dute Araban -bihar Bizkaian eta Gipuzkoan ere ezarriko dute- eta Nafarroan.

Atzo arratsaldean Donemiliagan izandako sutearekin, sei dira dagoeneko, Araban piztu diren suteak astea hasi zenetik. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak Radio Euskadin esan duenez, "sute txikiak dira eta suhiltzaileek kontrolpean" dituzte guztiak. "Araban dauden 40.000 zereal laborantzatik 60 hektarea erre dira", azaldu du.

Beroak ez du etenik, eta, biharko, ostirala, ere tenperatura altuak iragarri dituzte Euskalmetek eta Aemetek Hego Euskal Herrian. Hala, Nafarroa ia osoan eta Araban alerta laranja ezarri dute, 40 gradu inguruko tenperaturekin. Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean, berriz, gaurkoen antzeko tenperaturak espero dira, eta 36 gradura irits daitezke termometroak. Kostaldean, ez dira 30 graduak gaindituko.

Larunbaterako, bai EAE bai Nafarroa alerta laranjan egongo dira, eta, puntu askotan, 40 gradutik gorako tenperaturak izango dira. Gainera, kostaldean 30 graduak gaindituko dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguzkitik eta berotik babesteko gomendatu du; izan ere, azken hiru egunetan, 25 pertsona artatu dituzte beroaren ondorioz eta, horietatik 13, ospitalera eraman dituzte. Ura edateko, gorputza freskatzeko, eta eguerdi partera eguzkitan egotea saihesteko gomendatu dute, batez ere, pertsona zaurgarrienen kasuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Gipuzkoa Albisteak Nafarroa Araba Eguraldia Bilbao Gizartea bideoak Albisteak Gaur Albisteak Bero-boladak