Gizartea -
Alerta meteorologikoak
Jaurlaritzak alerta ezarri du Araban baso-suteen arriskua tarteko
Larrialdiei aurre egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzak baso-suteetarako planaren alerta fasea jarri du indarrean, gaurko 39 ºC-ko maximoak espero baitira Arabako hainbat lekutan.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Eusko Jaurlaritzak Baso-Suteetarako Plan Bereziaren alerta fasea ezarri du Araban, egunotarako lurralde horretan espero diren tenperatura altuak tarteko.
Planak bi fase ditu: alerta eta larrialdikoa. Lehen fase horretan honakoa aurreikusten du planak: batetik, "egoeraren etengabeko jarraipena" egitea, eta bestetik, "garrantzizkoa izan daitekeen informazioa komunikatzea, jarduten dabiltzan zerbitzuei zein herritarrei".
Euskadi bete-betean harrapatu duen azken beroaldi honetan, hainbat sute egon dira Araban dagoeneko. Mendiolan piztutakoaren ondorioz, esaterako, etxebizitza bat hustu behar izan zuten atzo. Astelehenean, berriz, Garaioko urtegitik gertu egon ziren sugarrak, eta ondorioz, bertara eguzkia eta bainua hartzera joandako ehunka lagun aterarazi behar izan zituzten.
Araba erdialdea eta Ebro ondoko eskualdea alerta laranjan daude gaur, muturreko tenperatura oso altuengatik eta baso-suteen arriskuagatik. Euskalmeten iragarpenaren arabera, termometroak 39 ºC-ra igoko dira Arabako Errioxan eta 37 ºC-ra iragate zona (Gasteiz ere tartean). Bero errea izango dugu bihar eta etzi, baina alerta Ebro ondoko eskualdean bakarrik egongo da indarrean bi egunetan (Arabako gainerako tokietan abisu horia ezarri dute).