Gizartea -
EGURALDIA
Alerta laranja ezarri dute beroagatik Nafarroako zati handi batean eta Araban
Azken hiru egunotan, 25 pertsona artatu behar izan dituzte Euskadin, beroa dela eta. Horietatik, 13 ospitalera eraman behar izan dituzte, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez.
EITB MEDIA
Bero bolada punturik gorenera iritsiko da asteazken honetan, eta, Euskal Herriko hainbat txokotan, termometroek 35 graduak gaindituko dituzte berriro.
Foru Erkidegoko zati handi bat alerta laranjan dago asteazken honetan tenperatura altuengatik, eta, datozen egunetan, hala mantenduko da. Estatuko Meteorologia Agentziak (Aemet) adierazi duenez, Erriberan termometroak 40 gradu artekoak izan daitezke, eta 39 ºC artekoak, Nafarroako erdialdean; Erronkari aldean, berriz, 35 gradukoak.
Aemetek gaineratu du zerua hodei gutxirekin edo oskarbi egongo dela, eta haizeak norabide aldakorreko haize ahula joko duela, eta arratsaldean iparraldera eta ipar-mendebaldera joko duela, tarte biziagoekin.
Euskal Autonomia Erkidegoan, Araba alerta laranjan dago gaur, 39 gradu inguruko tenperaturak espero baitira; Bizkaian, berriz, abisu horia dago, 36 gradu espero baitira, Nerbioi arroan, Arabako Lautadan eta barnealdean, Euskalmeten arabera.
Gaur, asteazkena, tenperatura altuengatik Araban ezarritako alerta laranja 13:00etatik 21:00etara egongo da indarrean. Tenperatura maximoak 39 gradu ingurukoak izan daitezke Ebro ibaiaren ardatzean, eta 37 gradu ingurukoak, trantsizio-eremuan.
Kantauri barnealdean abisu horia ezarri dute 13:00etatik 19:00etara. Tenperatura maximoak 36 gradu ingurukoak izan litezke, eta, kostaldean, tenperatura maximoak 30 gradu ingurukoak izan litezke.
Gainera, egun osoan, abisu horia egongo da indarrean Ebroko ardatzean (39 graduko tenperaturak, gehienez), trantsizio-eremuan (37 gradu), Kantauriko barnealdean (36 gradu) eta kostaldean (30 gradu).
13:00etatik 21:00etara, halaber, alerta laranja aktibatuta egongo da baso-suteen arriskuagatik trantsizio-eremuan eta Ebroko ardatzean tenperatura altuen ondorioz.
Bihar, osteguna, alerta laranjak jarraituko du Ebro ibaiaren ardatzean tenperatura altuengatik 14:00etatik 21:00etara. Tenperatura maximoak 38 gradu ingurukoak izan daitezke. Halaber, abisu horia egongo da tenperatura altuengatik 14:00etatik 20:00etara. Tenperatura maximoak 36 gradu ingurukoak izan litezke trantsizio-eremuan. Bestalde, Kantauri barnealdean tenperatura maximoak 35 gradu ingurukoak izango dira, eta, kostaldean, 29 gradukoak.
Halaber, ostegun honetan, abisu horia mantenduko da Ebroko ardatzean, trantsizio-eremuan, Kantauriko barnealdean eta kostaldean tenperatura altu iraunkorrengatik.
13:00etatik 21:00etara, berriz ere, alerta laranja aktibatuko da baso-suteak izateko arriskuagatik trantsizio-eremuan eta Ebroko ardatzean tenperatura altuak direla eta.
25 pertsona artatuta, bero-boladagatik
Azken hiru egunotan, 25 pertsona artatu behar izan dituzte Euskadin, beroa dela eta. Horietatik, 13 ospitalera eraman behar izan dituzte, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez.
Beroaren kalteak ekiditeko, Osasun Sailak eta Osakidetzak prebentzio-jarduketen plana egin dute. Horretan, hurrengoa gomendatzen dute: ura etengabe eta egun osoan edatea, eta kafeina, alkohola edo azukre gehiegi duten edariak ez kontsumitzea.
Elikagaien kontsumoari dagokionez, entsaladen, barazkien eta fruten kontsumoa handitzea gomendatzen dute, izerdiaren ondorioz galtzen diren gatz mineralak birjarri ahal izateko. Era berean, janari koipetsuak eta ugariegiak saihestea eskatu dute, berora egokitzea zailtzen baitute.
Etxean, bero gutxien dagoen uneak aprobetxatu behar dira aireztatzeko eta freskatzeko. Bero handia izanez gero, gorputza ur freskoarekin freskatu behar dela adierazi dute, batez ere aurpegia eta eskuak.
Kalean, eguzkitan egotea saihestu behar da egunaren erdiko orduetan, eta kalera irten behar denean, eguzkitik babestu kapela baten, eguzkitako betaurrekoen eta eguzkitako babesaren bidez.
Beste gomendioetako bat da esfortzu fisiko handiak egitea ekiditea, bero handieneko orduetan batez ere, eta, "eguzkitan lan egitea beste erremediorik ez bada", gomendagarria da burua kapela batekin eta gorputza arropa arin oso transpiragarriekin estaltzea, eta, horrez gain, bi-lau baso ur fresko edatea ordu bakoitzean.
Gainera, Osasun Sailak "pertsona zaurgarrienak zaintzearen" garrantzia azpimarratu du. Horrela, eskatu du arreta berezia eskaintzea haurtxoei, adinekoei eta gaixoei. Era berea, nabarmendu dute inoiz ez dela inor geratu behar aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu batean, nahiz eta itzalpean egon.
Ohartarazi dutenez, adinekoek, batez ere bakarrik bizi direnek edo mendekotasuna dutenek, zailtasunak izan ditzakete babes-neurriak hartzeko, eta, beraz, komeni da gutxienez egunean behin bisitatzea.
Azkenik, ordubete baino gehiago luzatzen diren eta tenperatura altuekin (ahultasuna, nekea, zorabioak, goragalea edo zorabioa) zerikusia duten sintomen aurrean osasun-langileei kontsulta egiteko eskatu dute, eta larrialdi kasuetan 112 telefonora deitzea.