Gizartea -
Baso-suteak
Nafarroak lurralde osora zabaldu du suak egiteko debekua
Alerta laranjarekin, Nafarroako Gobernuak nekazaritzako makinak erabiltzeko debekua mantentzen du; EAEn, berriz, “zuhurtziaz” jokatzeko deia egin dute, baso-suteen arrisku handia dela eta.
EITB MEDIA
Tenperatura altuen itzulerarekin, muturreko beroaren alertak ezarri dituzte Hego Euskal Herriko hainbat tokitan. Alde batetik, Nafarroak debekatu egin du Foru Komunitate osoan landa eremuan aisialdirako suak egitea, barbakoak kasu, baita nekazaritza-makinen erabilera mugatu ere. Bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoan, Araban zehazkiago, Ramiro Gonzalez bertako ahaldun nagusiak "zuhurtziaz" jokatzeko deia egin die pertsona guztiei, lurralde horretako hegoaldean suteak sortzeko arriskua handia baita.
Izan ere, atzo, astelehena, bost sute izan ziren Mendozan, Garaion, Argoten, Toberan eta Kripanen, eta, beroak zenbait egunetan jarraituko duela aurreikusita, Araban sute gehiago izateko arriskua handia da. Hori dela eta, Arabako ahaldun nagusiak berriro esan du "zuhurtasunik handienaz jokatzeko" deia egiten diela mendian eta zelaian mugi daitezkeen pertsona guztiei, "gaur egungo egoeretan suteak piztea erraza delako".
Uzta biltzeko makinen erabilera debekatuko ote den galdetuta, Nafarroako Foru Erkidegoak egin duen bezala, Gonzalezek azaldu du ez dagoela debekatuta horiek erabiltzea, eta gai "zaila" dela gaineratu du, "nekazari askorentzat uzta eta haien bizimodua baitago jokoan".
Bestalde, Nafarroako Gobernuak gogora ekarri ditu muturreko bero-egunetan nekazaritza- eta baso-lanetarako makinen erabileraren murrizketak. Hala, abisu horia aktibatzen bada tenperatura altuengatik, debekua 14:00etatik 18:00etara izango da; alerta laranja edo gorria bada, berriz, debekua egun osora zabalduko da.
Ildo horretan, astearte honetan alerta laranja da Ebroko Erriberan eta abisu horia Nafarroako Erdialdean; biharko, aldiz, alerta laranja izango da bi eremuetan. Araban, bestalde, abisu horia dago indarrean astearte honetan lurralde osoan, eta asteazkenean laranja izango da Arabako Errioxan; Bizkaian, ordea, abisu horian dago asteartetik Nerbioi ibaiaren arroa, eta asteazkenean barnealde osora zabalduko da.
Gainera, Nafarroan, irailaren 30era arte, oro har, debekatuta egongo da sua erabiltzea zuhaitz-, zuhaixka- edo sastrakadi-landarediak, larreak eta belardiak estalitako lurretan; uztondoak, basoko hondakinak edo bestelako landare-hondakinak erretzea; errekuntzan dauden objektuak edo sute bat eragin dezakeen edozein material botatzea edo uztea, baita ibilgailuetatik zigarrokinak botatzea ere; eta aisialdirako sua egitea Nafarroako landa-ingurunean ere.
Hasiera batean, ekainaren 15etik debekatuta zegoen Nafarroako hegoaldean sua aisialdirako erabiltzea; iparraldean, berriz, baimenduta zegoen barbakoetan eta horretarako prestatutako beste leku batzuetan. Hala ere, Baso Suteetarako Aholku Batzorde Teknikoak neurria Foru Erkidego osora zabaltzea erabaki du astearte honetan.