Gizartea -
Sanferminak
Jandilla beldurgarriek entzierro azkarra egin eta adarkatu bat utzi dute
Bost pertsona artatu behar izan dituzte kontusioekin, eta bat, adarkatuta, Gurutze Gorriaren lehen balantzearen arabera.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Seigarren entzierroa egin dute gaurkoan Jandilla ganadutegiko zezenek, Cebada Gagokoekin batera sanferminetako beteranoek. Lasterketa azkarra (02:20) eta atzokoa baino garbiagoa izan da. Dena dela, Gurutze Gorriko lehen balantzearen arabera, adarkatu bat izan da.
Bost pertsona eraman dituzte zaurituta, kolpeak eta erorikoak tarteko. Gainera, horietako bat zezen plazako erizaintzara eraman behar izan dute, zezenak adarra sartu baitio eskuineko besoan.
Arriskutsu ospea dute Jandillako zezenek (eurek eragin zuten, 2009an, entzierroetako azken hildakoa), baina, gaurkoan behintzat, lasterketa politak egin ahal izan dituzte korrikalariek animaliak nahiko banatuta ibili baitira. Une zirraragarriak izan dira, baina tentsio momentuak ere.
Gaztaina koloreko adardun bakarrak aurrea hartu die anaiei entzierroaren lehen unetik, eta, gero, beltz bat gailendu zaio. Biek ala biek abiada bizia eman diote lasterketari, Estafetan eta zezen plazaren sarreran erorikoren bat izan badute ere.
Unerik kezkagarrienetako bat Udaletxe parean izan da, zezen nabarrak emakume bat harrapatu du, eta azken hori lurrera jausi da indar handiarekin. Zezen plazarako sarbidean, beste batek adarra sartu dio korrikalari bati elastikoan, eta hainbat metrotan eraman du, askatzea lortu duen arte.
Dena dela, betiere Gurutze Gorriaren arabera, "kezka handien eragiten duen pazientea" torax eta sabelaldean kontusioa duena da; Espoz y Mina parean zauritu da.