Gizartea -
Sua Araban
Berriro ireki dute Garaioko parkerako sarbidea, asteleheneko sutea "erabat kontrolpean" baitago
Astearte goizean, berriro zabaldu dute parkerako sarbidea; ehunka bainulari joaten dira bertara, eta astelehen arratsaldean, suteagatik, hustu egin zuten. Araban ere, Mendozan, beste sute bat izan zen astelehenean, eta gauerako itzalita zegoen.
EiTB Media
Garaioko parkerako sarbidea, Gasteiztik 20 kilometrora, berriro ireki dute astearte goizeko lehen orduan, Radio Euskadik jakitera eman duenez; izan ere, astelehen arratsaldean piztutako sutea "erabat kontrolpean" dago, nahiz eta Arabako suhiltzaileak zaintzen ari diren oraindik, ondorengo orduetan eta egunetan bero handia iragarrita dago eta. Gainera, Araban ere, Mendozan, beste sute bat piztu zen astelehenean, baina azken orduan itzalita zegoen jada.
Hala, bainulariek aukera izango dute astearte honetan normaltasunez bueltatzeko parkera. Astelehen arratsaldean, baina, hustu behar izan zuten; sutearen foku nabarmenenak parkerako sarbide bakarraren ondoan zeuden, eta, ondorioz, tentsio- eta kezka-uneak izan ziren. Oraindik ere, Ekoran, foku txiki batzuk daude, baina, esan bezala, sutea guztiz kontrolpean dago.
16:00ak jota piztu zen sutea Garaion, Arratzua-Ubarrundia udalerrian. Aguraingo suhiltzaileak bertaratu ziren, eta Oñatiko (Gipuzkoa) suhiltzaileei laguntza eskatu zieten. Antza denez, uzta biltzeko makina batek piztu zuen sutea. Zerealeko 100 bat hektarea eta behe-mendiko 2 erre ditu.
Mendozako sutea, itzalita
Bitartean, pertsona bat artatu behar izan zuten Mendozan baso-sute batean kea arnastu baitzuen. Suteak 40 hektarea kiskali zituen. Dirudienez, uzta biltzeko makina batek piztu zuen sua labore lursail batean.
Mendoza eta Tresponde artean piztu zen sua 16:15 aldera. Iruña Oka, Espejo, Guardia eta Gasteizko suhiltzaileak bertaratu ziren, baina aireko baliabideak eskatu zituzten, sugarrak kontrolatzen saiatzeko, Arabako Aldundiak jakitera eman zuenez. Ke zutabe handiak urrunetik ikus zitezkeen.
Ertzaintza, Babes Zibila eta osasun zerbitzuak ere bertaratu ziren, eta kea arnastu zuen pertsona bat artatu behar izan zuten, Segurtasun Sailak zehaztu zuenez.
Gasteizko Udalak azaldu zuenez, sutea laborantzako lursail batean piztu zen.
Gomendioak nekazaritzari sektoreari
Aldundiak mezuak, gutunak eta informazio eskuorriak bidali zituen iragan astean, suteak saihesteko nekazaritza sektorearentzako gomendio eta aholkuekin, bereziki, uzta batzen ari den labore sektoreari zuzenduak.
Gomendioen artean, foru erakundeak, bero handiko baldintzetan, eguerdiko orduetan lanik ez egitea aholkatu du. Azkenik, makinekin bira emateko orduan, mozketa plataforma altxatzeko gomendioa eman du, harriekin igurtzia saihesteko.