Gizartea -
KORONABIRUSA
Gora egiten jarraitzen dute ospitaleratzeek Euskadin, 707 pertsona baitaude gela arruntetan eta ZIUetan
Gela arruntetan % 33ko igoera izan da eta zainketa intentsiboetan, % 39koa. Bestalde, 26 pertsona hil dira azken astean, duela zazpi egun baino lau gehiago.
N. B. | EITB MEDIA
Azken astean Euskadin covid-19aren ondorioz izandako ospitaleratzeek gora egiten jarraitzen dute, eta dagoeneko 700 pertsona baino gehiago daude gela arruntetako eta zainketa intentsiboetako ospitaleratzeen artean. Zehazki, % 33ko igoera izan da gela arruntetan eta % 39koa, zainketa intentsiboetako unitateetan (ZIU).
Atzo, igandea, Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleetan, 675 pertsona zeuden ospitaleratuta, duela astebete baino 171 gehiago; eta 32, ZIUetan, duela zazpi egun baino bederatzi gehiago.
Gainera, 26 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz Euskadin uztailaren 4tik 10era, astebete lehenago baino lau gehiago. Guztira, 7.265 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan covid-19aren ondorioz.
Euskadin koronabirusak duen eraginari buruzko asteroko buletinaren arabera, azken astean 9.531 positibo zenbatu dituzte; aurrekoan, 7.882 izan ziren. 27.236 proba diagnostiko egin dituzte, % 35eko positibotasunarekin.
Era berean, 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua ere modu iraunkorrean igo da asteko egun bakoitzean: uztailaren 4an, 612,12koa zen eta atzo, 793,95ekoa. 7 eguneko intzidentzia, oro har, 359,38tik 434,57ra igo da azken astean.
Tasen arrazoia, 7 egunetan, 1,21ekoa izan da, aurreko asteko 1,43aren aldean. 14 eguneko tasen arrazoia 1,30era jaitsi da, aurreko asteko 1,39arekin alderatuta.
Oinarrizko birsorkuntza indizea, covid-19aren hedapena neurtzen duena, 1,21etik 1,07ra jaitsi da. Lurraldez lurralde aztertuta, Arabak du R0 altuena (1,14), ondoren Gipuzkoa (1,06) eta Bizkaia (1,05) daude.
Adin-taldeen arabera, positiboen kopururik altuena, 113 kasu, 70 eta 79 urte bitartekoen artean detektatu dute. Intzidentzia handiena 80-89 bitartekoenen artean dago (2.086,52). Bestalde, positiboen kopuru eta intzidentzia baxuena 10-19 urte tartekoen artean eman da: 7 positibo azken astean, eta, 14 egunera, 76,84 kasu.
60 urtetik gorakoen arteko datuak
Bestalde, 6.327 positibo izan dira azken astean 60 urtetik gorakoen artean; hau da, egindako 14.823 probetatik % 41,7 positibo izan ziren. Gainera, 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 1.654,26 kasukoa da; aurreko astean, berriz, 1.249,66 kasukoa izan zen. 7 eguneko tasa ere 736,07tik 918,20ra igo da.